Síguenos en redes sociales:

Pozoia

Zer gertatzen zaion galdetu nion lagunari, azken aldian nahiko goibel ikusten bainuen. Ez da ezer, esan zidan, bakarrik bizitza sozialik gabe geratu naizela. Ez dela hainbesterako izango, erantzun nion, biok kafea hartzen ari ginela tabernan, beno, berak infusioa. Bizitza osasuntsu baten aldeko apustua egin zuenetik, konturatu omen da zein zaila den lagunak egitea eta manten-tzea. Gibeleko gaixotasun baten ondorioz, medikuak dieta zorrotza agindu zion. Gaur ez du alkoholik edaten, ez du erretzen, ez du inolako drogarik hartzen, zortzi ordu egiten ditu lo egunero, jaki "garbiak" eta biologikoak baino ez ditu hartzen, bi litro t'erdi ur hartzen du egunero, eta kirola egiten du astean hiru edo lau aldiz. Ez didazu sinistuko, esan zidan, baina osasunaren alde egin nuenetik lagunei nazka ematen diedala iruditzen zait, ez dutela nirekin ezer nahi. Poltsari begiratu nion, poltsa handiegia zeramala iruditu zitzaidan, gero gogoratu nuen litro t'erdiko ur botila daramala leku guztietara. Adibide bat jarri zidan. Bere koadrilakoak ostegunetan "pintxo-potera" irteten dira. Hasieran joaten zen beraiekin, eta mostoarekin batera ateratzen zioten txistorra edo kroketa lagunen bati ematen zion, baina nekatu zen beti antzeko komentarioak entzuten: ez dauka ezer, neska, maionesa pixka bat besterik ez, ez izan horrelakoa… Eta gosetzen zenean dietetikan erositako zerealezko barra ateratzen zuenean, lagunek lotsatuta begiratzen zioten. Dena gertatzen da debekuaren eremuan, esan zidan etsipenez: Tabernatik erretzera irteten direnen artean sortzen dira elkarrizketa mamitsuenak, amodio afera sutsuenak; diskoteka bateko komunean, esamesa interesgarrienak; alkoholaz bustitako elkarrizketetan, konfesio aitorrezinenak; kolesterola gonbidatu nagusi duten afarietan, barre eta algara gogotsuenak. Tabernako kanpoaldean agurtu ondoren, atzera begiratu eta han ikusi nuen, litro t'erdiko botila poltsatik atera eta tragoa ematen pozoi osasuntsu hari.