Síguenos en redes sociales:

Garbo

JENDE lasaia gustatzen zait. Norbaitek lasai, hitzak jan gabe eta esan behar duena ordenatzeko denbora hartuz hitz egiten duenean sekulako inbidia sentitzen dut. Baina hori bai, ez gaizki ulertu: jende lasaia gustatzen zait baina nire amak esango lukeen bezala, garbo pixka bat izan behar dute. Ez baita bateraezina lasaia izatea eta aldi berean grazia izatea, bizitasuna. Konbinazio perfektua dela esango nuke. Halako pertsonaren batekin nagoenean, ondo sentitzen naiz, lasai eta animatua aldi berean.

Izan ere, jende lasaia gustatzen zaidala esaten dudanean ez nabil esaldien artean eeeehh luze bat ahoskatzen duten horietaz; edo aldioro, hitz egiteko txanda ez galtzeko "zer esan behar nizun" esaten duten horietaz. Ez dut esan nahi hitz egin orduko aharrausika hasten diren pertsona nagiak gustatzen zaizkidanik; edo euren burua konbentzitu nahian bezala ideia berdina hamabost aldiz errepikatzen dutenak; edo azalpenetan galtzen diren horiek… Eta are gutxiago zurekin kalean hitz egin bitartean erakusleihoak erakusten dien bere islari begira daudenak, elkarrizketari baino adiago.

Jende lasaia gustatzen zait, edozer gauzagatik urduri jartzen ez dena, ez duena arrapaladan hitz egiten, hitzak jaten ez dituena, esaldiak erdizka uzten ez dituena. Esaldien artean arnasa hartzen duen jendea gustatzen zait, noizbehinka isildu egiten dena aurrekoari zerbait esateko aukera emanez. Eta ezaugarri hauekin batera garbo pixka bat badu, perfektua iruditzen zait. Izan ere, aldi berean, azkar erreakzionatzeko eta erantzuteko gaitasuna duten pertsonak gustatzen baitzaizkit, oinak arrastaka erabili gabe aurrera egiten dutenak, aurpegira begira hitz egiten dizun jendea eta begirada batekin bakarrik zerbait esaten dizuna. Eta garbo eta bizitasunaz ulertzen dudana argitzeko, esango nuke, ez nabilela chihuahua baten zaunka histerikoan pentsatzen, artzain-txakurren grazia eta bizkortasunean baizik.