Harrigarria
Idazlearen eginkizunen artean badago ezinbestekoa den bat: munduari adi egotea. Idazlea ez da gizaki arrunten eguneroko bizitzatik urrun bizi den pertsona, hitzez betetako burbuila batean isolatua dagoena. Idazleak zuzeneko harremana izan behar du munduarekin, errealitatea baita bere lanerako lehengaia eta errealitateari erantzuteko tresna moduan erabiltzen baitu literatura. Fikzioaren bitartez, idazleak mundu berri bat sortzen du, baina eguneroko bizitzari lapurtutako adreiluz eraikia dagoen mundu berri horrek egiazko munduari erantzuten dio. Idazlearen kezka ez baita fikzioa, errealitatea baizik. Edo hobe esanda, bere buruan dagoen errealitatearen isla da bere kezka nagusia.
Dena harrigarria iruditzen zaio, beraz, idazleari, ume baten harriduraz begiratzen du ingurura. Eta ondorioz, konturatzen da bere inguruan dagoen edozein gauzak merezi dezakeela ipuin bat, nobela bat, poema bat… Ez daudela fikzioa sortzeko egokiak diren gaiak, edozein bazterretan dagoela gai posible bat. Raymond Carverrek esaten zuen bezala, sardexka bat edo emakume baten belarritako bat bezalako elementu arrunt batek sekulako indarra hartu dezakete idazki batean. Berdin begirada batek, kafe kikara hartzeko modu batek, hegazkinak zeruan utzitako arrasto zuriak…