Síguenos en redes sociales:

Zerbitzu publikoa

Oso sintoma hedatua ama direnen artean: komunera sartzen direnean ez dute atea ixten. Eta ez naiz ari kixketa ez erabiltzeaz bakarrik, kasu askotan atea erdi irekita uzten baitute, bitartean umeek gelan zer egiten duten kontrolatu ahal izateko. Askotan gertatzen da: ama bihurtzearekin batera, emakumeek intimitatea galtzea eta emakume publiko bihurtzea, edo zerbitzu publikoa, besteen esanetara dagoen norbait.

Esaten zuen bada Virginia Woolfek emakume batek fikzioa idazteko bere gela behar zuela, intimitatean lan egiteko leku bat. Gizonek historian zehar liburuz betetako bulegoetan lan egin duten bitartean, emakumeek kasu askotan sukaldetan idatzi dute, lapiko artean, edo etxeko beste espazio publikoren batean, umeak zaindu bitartean.

Emakumeei intimitaterako eskubidea ukatu zaie mendeetan zehar. Eta bai emakume zein gizonek, denok behar dugu leku bat zeinean "utz nazazue pakean" esaldiak benetako zentzua hartzen duen, non geurea eta bakarrik geurea den lekuan gaudela sentitu dezakegun. Bada eskubide hau, emakume askoren kasuan, ama izatearekin batera amaitzen da.

Ama baldin bazara (eta ez bazara ere) eta inoiz izan zenuen intimitatea berreskuratu nahi baldin baduzu, egizu espazio-iraultza bat zure etxean. Iraultza txiki bat, baina ondorio handiak dakartzana. Lehenik eta behin, itxi esazu, arren, komuneko atea (hau egin gabe ez dago iraultzaren bigarren fasera pasatzerik); eta bigarrenez, antolatu ezazu etxeko egitura zeure lekua izateko, zeure intimitatea eta subiranotasuna errespetatua izango diren leku bat.

Zeure lekua izateak ez du esan nahi familia albo batera uzten duzunik, edo inor gutxiago maite duzunik. Ez du esan nahi betirako desagertuta egongo zarenik. 24 orduz irekita dagoen zerbitzu publikoa ez zarela esan nahi du soilik, eta mundu guztiak bezala, publikoarentzako arreta ordutegia baduzula eta batzuetan behar-beharrezkoa duzula pertsiana ixtea.