Saguzarraren hegoak
Urtetan zimurren aurkako kremak erabiltzen, begi-zuloen beltzunea lausotzeko lozioak, era guztietako mirari-dietak egiten… Eta gaztea izaten jarraitzen duzula erakusteko ahalegin guzti horien ondoren, udako gau batean bazoaz kontzertu bat ikustera, edo antzerki obra bat, eta bukatzean besoak altxatuta txaloka hasten zarenean iruzurra argitara ateratzen da, errealitate gordina agertzen da. Zergatik? Bada mahuka motxak beso azpietan dituzun saguzar hegoak agerian utzi dituelako, alde batetik bestera kulunkatzen diren gihar eroriak, inoiz zure gorputzera josita zeuden azal zatiak, gaur albainduta baino ez daudenak. Indar handiagoz txalo eginez gero hegan irteteko moduan zaude. Eta detaile horretan krema, lozio eta munduko dieta guztiek ezkutatu ezin dezaketena ikusten da, hau da, zahartuz zoazela.
Bada besoekin eta zahartzearekin bezala gertatzen da bizitzako beste kontu guztiekin ere. Detaile txikiek salatzen gaituzte, geure buruaz informazio gehien ematen dutenak detaileak dira. Zure autoan ikusi ditudan gaileta eta txokolate apurrek seme-alabak dituzula esan didate; botetan dituzun lokatz aztarnak, mendira joatea gustatzen zaizula; hitz egin dizudan bitartean erakutsi duzun begirada galduak, esaten dizudanak aspertzen zaituela; ukondoak tabernako barra gainean jar-tzeko moduak, etxean bezala sentitzen zarela han… Eta esaten didazun guztiak ez du begiratzen zaitudanean ikusten ditudan detaile txikiek besteko garrantzirik.
Horregatik, hauteskunde kanpainako mitinetan politikariak ikusten ditudanean, ez dut esaten dutena aditzen. Nahiago detaileei begiratu. Esaten dutena baino interesgarriagoa egiten zait nola esaten duten, zein hitz aukeratzen dituzten, zein hizkuntza erabiltzen duten, nola mugitzen diren… Begira geratzen naiz, une batetik bestera, handik edo hemendik, iruzurra argitara aterako duten saguzar hegoak agertuko direla sinetsita.