Bikote bat
EZ zaizu zure lana gustatzen, baina, tira, lanpostu kaskarragoak dituztenen edo langabezian daudenen egoera ikusita ezin zara kexatu. Ez zaizu zure bizimodua gusta-tzen, baina, tira, konformatu beharko, amets batzuk eskuraezinak dira eta. Egunen batean, agian, helduko zaizu nahi duzun bezala bizitzeko aukera. Bitartean, zain zaude, zure etxeko sofan etzanda.
Baina hara non bikote bat ezagutu duzun duela gutxi eta zer pentsatu eman dizun haien bizimoduak. Egun batean, zeramaten bizitza behin amestutakoa ez zela konturatzean, goitik behera aldatzea erabaki zuten. Zeukaten lana utzi eta Europako hiri batera joan ziren, han euren ametsa egia bihurtzeko asmoarekin.
Zeukatena arriskatu zuten. Ez zituzten lanpostu txarrak euren herrian, baina ez ziren zoriontsu, edo zoriontsuago izateko aukerari ez zioten bizkarrik eman nahi. Arriskatu zuten eta orain pozik bizi dira. Beti amestu duten proiektu bat jarri dute martxan eta lehen baino diru gutxiago irabazten badute ere, irribarre, ilusio eta lasaitasun une asko irabazi dituzte. Haien aurpegia ikustea besterik ez dago zoriontsuak direla egiaztatzeko eta arrazoia bakarra dela esango nuke: egunero egiten duten horretan sinisten dute.
Koldarkeria eta beldurra dira gure ametsen etsai nagusienak. Batek esango du sistemak ez diola bere ametsa betetzen uzten, eta arrazoi izango du neurri handi batean, sistemak askotan bide bakarra erakusten baitigu. Baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik beste bide bat, alternatiba bat. Hori bai, bide horiek bilatu egin behar dira, euren atzetik abiatzea ezinbestekoa da, txakur ehiztari baten antzean haren arrastoa jarraitzea, aukerak ez baitira gure etxearen atarian agertzen egun batetik bestera.
Daukaguna galtzeko beldurrak geldiarazten ditu gure ametsik preziatuenak. Gure etsairik handiena geure buruetatik kanpo baino gehiago, gure koldarkeriaren erdigunean ezkutatzen da.