Síguenos en redes sociales:

Kontaminazioa

Testuinguruak ematen dio hitzari zentzua. Testuingururik gabe, hitzak biluzik daude, umezurtz. Esadazu norekin zabiltzan eta nor zaren esango dizut, dio esaerak, eta hitzei ere antzekoa gertatzen zaie. Esadazu noiz, zein une historikotan, eta noren ahotan zauden, eta zer esan nahi duzun esango dizut.

Har dezagun adibide bat: kontaminazioa. Haurra nintzenean kontaminazioa hodei grisak sortzen zituen tximinia ketsu bat zen. Gerora, gazte garaian inoiz erabili izan dugu kontaminatu hitza besteengandik beti gaizki esaka zebilena deskribatzeko. Eta baita sekta edo antzeko talde batek burua norbaiti bereganatuta ziola adierazteko.

Baina gaur kontaminatua hitzak beste esanahi oso diferentea du, eta duela hamabost urte sinesgaitza iruditzen zitzaiguna ulertzen saiatzen gara orain hitz hori entzutean. Koalizio politiko bateko jendea kontaminatua omen dago. Eta nik imajinatzen dut jende hau etxera heldu eta, intimitatean, euren eskuetara begira, hanketara, galtzarpetara, belarri atzeetara... Non dago, bada, orbana, zikingunea... Ispilu aurrean ahoa irekitzen imajina dezaket zerrendakide bat, haginean atera zaion kariesari mesfidati begira.

Testuingurua da, beraz, hitz baten esanahia ulertzeko klabeetako bat. Baina bestea errepikapena da. Formula oso erraza da: errepika ezazu gezur bat mila aldiz eta egia bihurtuko da. Gure herrian, tamalez, asko dakigu horretaz.

Manuel Fraga Palomareseko hondartzan bainatu zen ura kontaminatua ez zegoela egiaztatzeko. Baina pentsatzen jarrita, agian bere burua kontaminatuta sentitu era kontaminazioa gainetik kentzeko saiakera izango zen hura. Batzuek bainu batekin gainetik kentzea lortzen dutena, beste batzuek espartzua azalean igurtziz ere ez dute sekula gainetik kenduko, antza. Baina badakigu batzuen kontaminazio maila eta besteena ez dela berdin neurtzen. Testuinguruak ematen baitio kontaminazioari zentzua.