Síguenos en redes sociales:

Esku-hutsik

KLASEKO lagunak aurrez aurre ikusi dituenean, amaren eskua askatu du. Txikia zenetik, beti joan da kaletik amaren eskuari helduta. Amari asko gustatzen zaio, alaba hurbil sentitzeko modu bat da harentzat, eta bera ere gustura joan da horrela orain arte, segurtasuna ematen dio amaren eskuak. Ama, emadazu eskua, eskatu dio beti kalera irtetean. Baina gaur neskatoak hamahiru urte ditu eta kalean bere lagunekin topo egitean, brastakoan askatu du amaren eskua. Eta amak orduan zerbait hautsi dela sentitu du, lurrera jausten den portzelanazko loreontzi baten antzera, txikitu egin dela zerbait. Eta halako sastada sentitu du sabelean.

Alabak lagunekin geratu nahi duela esan dio, joango direla beste egunen batean arropa erostera, gaur parkera joan nahi duela euren gauzei buruz hitz egitera. Eta amak pentsatu du alabaren gauzak ez direla jada bere gauzak, ez diola duela urte batzuk bezala dena kontatzen eta baduela mundu propio bat, zeinean ez duen berak sartzerik. Alabak ez du ama behar. Edo, hobe esanda, behar du baina ez daki. Agian urte batzuk pasatu beharko dira hortaz jabetzeko.

Nerabezaroan gurasoek traba baino ez dute egiten. Seme-alabek egin nahi duten guztiari ezetzarekin erantzuten dioten figura dira, mugak jartzea besterik ez dakitenak. Umeak direla gogorarazten diete, eurak nagusi sentitzen direnean, eta horrek gogaitu egiten ditu, haserretu. Nerabezaroa ez da garai erraza, ez guraso ezta seme-alabentzat ere. Egosi gabeko ogien antzera daude neska-mutikoak, eta euren burua ezagutu nahian zorabiatu egiten dira eta ondorioz, ingurukoak ere zorabiatu egiten dituzte.

Esku-hutsik, ama zain geratu da. Badaki urte batzuk pasatu beharko direla, urte askotxo agian, baina egunen batean bere alaba berriz hasiko dela bere eskuaren bila. Eta egun horretan, ama emadazu eskua esango dio, eta erosketak egitera joango dira elkarrekin. Berriz ere. Azkenekotik hainbeste urte pasatu ez balira bezala.