Síguenos en redes sociales:

Ai ene

Pertsona bat zahartu dela jakiteko ez da nahikoa urteak zenbatzearekin, soinuei ere erreparatu behar zaie. Jaiotze datan arreta jartzea baino fidagarriagoa da pertsona batek egunean zehar zenbat soinu inkontziente sor-tzeko kapaz den neurtzea. Zenbat aiene, kexu, intziri, arrangura, hasperen, ozenki egindako gogoeta, zurrunga... sortzeko gai den azter-tzea, alegia.

Izan ere, adin batetik aurrera, ordura arte setazko jantzi baten moduan gainean eraman dugun gorputz arin hori, bat batean, hemen nago esaten hasten da, eta benetan, han dagoela egiaztatzen eta sentitzen hasten gara. Eta hala, aulki batean esertzen garen bakoitzean ia konturatu gabe hasperen egiten dugu; eta jaikitzean ai ama esaten dugu; laugarren pisura oinez igo behar dugunean, aieneka hasten gara bigarren pisuan; eta kalean lagun batekin hitz egitera gelditzen garenean, eskuak sorbaldara eraman eta giltzurrunak masaiatzen ditugun bitartean marruka hasten gara; egunkariaren aurrean eseriz gero, ia inkontzienteki ozenki irakurtzen ditugu lerroburuak; eta etxera heltzean, Teleberrian agertu den politikariak esan duenari erantzun egiten diogu edo gaueko pelikula ikusi bitartean katu baten modura urruma egiten dugu. Eta gero gerokoak datoz: zurrungak eta arnasa sakonak, erritmo eta kalibre ezberdinetakoak, gau osoan zehar.

Gorputzak sortzen dituen soinuak seinaleak dira, gorputzak oihu egiten digu, marmarka batzuetan, baina oihu azken finean. Auto zaharrei gertatzen zaien legez, ihes-hodia zarataka hasten zaigu, eztulka hasten da motorra aldapa gora doanean, ateek kirrinka egiten dute ireki eta ixtean. Hasperenak, kexuak, aieneek, beraz, ikuskapen teknikoa egiteko ordua heldu zaigula adierazten dute. Eta horrekin batera, hemendik aurrera, pentsatzen dugun guztia ozenki esaten hasi gaitezkeela, honek dituen arrisku guztiekin. Kontuz beraz, aurreran-tzean. Lagunak galdu nahi ez badituzu, saiatu, arren, zeure burua (eta zeure soinuak) kontrolatzen.