Zentzuaren bila
BANANDU zarelako, maite zenuen pertsona bat hil delako, langabezian zaudelako, edo lan gehiegi duzulako... Depresioan jausteko arrazoiak asko izan daitezke. Arazoak seme-alabekin, nagusiarekin, gaixotasunen bat, mendekotasunen bat, tratu txarrak, askatasun falta… Ziur naiz, dena den, aipatu ditudan arrazoi hauek depresio kasuen %50a besterik ez direla eta depresioa duten gainontzekoek ez daukatela arrazoi konkreturik goibel egoteko. Lanpostu on bat eduki dezakete, bikotearekin arazorik ez, gaixotasunik ere ez, baina gauetik goizera ez diote zentzurik aurkitzen euren bizitzei.
Barruan daramaten mamua ateratzen hasten direnean, esango dizute ez dela ezer konkretua. Ez dela ezer, baina dena dela aldi berean. Eta haien begiei erreparatuz gero, hutsunea antzemango duzu. Euren eguneko martxa frenetikoa une batez gelditu dute eta halako batean konturatu dira azken hogei, hogeita hamar, edo berrogei urteetan korrika ibili direla nora doazen jakin gabe. Norabidea zehaztu gabe. Bidean ez diotela sekula galdetu euren buruei nora heldu nahi zuten, zer den gehien gustatzen zaiena, zerk betetzen dituen, zerk motibatu, zerk egiten dituen benetan zoriontsu.
Azken bolada honetan euren bizitzen zentzua aurkitu nahian dabiltzan zenbait pertsonekin hitz egitea tokatu zait. Ez dakit kasualitatea izango den edo egoera horretan dauden pertsonen kopuruak nabarmen egin duela gora eta nire partea egokitu zaidala. Bada, egia esan, ez da erraz hauek kontsolatzea. Lana galdu duenari beti geratuko zaio lan berri bat aurkitzeko esperantza, eta banandu denak badauka berriz maitemintzeko aukera edo, behintzat, itxaropena. Baina bizitzaren erdigunera heltzean, egongelatik sukaldera joan eta hara heltzean zertara joan zaren ahazten duzunean bezala dagoenari zer esaten zaio? Zer esaten zaio bizitzaren erdigunera heldu eta zeren bila ari den ez dakienari? Itxaroteko lasai? Egunen batean deskubrituko duela zer aurkitu nahi duen? Edo hobe duela egongelara bueltatzea handik zeren bila abiatu den gogoratu ahal izateko?