Itsu-itsuan
EMAKUME batek bere bikotearengandik ihes egin nahian etxeko leihotik salto egin duela jakin dugu egunkarien bitartez. Telebistak patioan geratu diren kristal zatiak eta arropa eskegitzeko soka apurtuak erakutsi dizkigu eta emakumearen estutasuna imajinatu dugu. Handik zenbait kilometrotara, beste etxebizitza batean eta beste egun batean, gizon batek labankadaz hil du emaztea eta kronikek zenbat labankada eman dizkion kontatu digute eta gorputzaren zein tokitan egin dizkion zauriak. Hotzikara eragin digute sukaldeko irudietan ikusi ditugun odol arrastoek. Bizilagunen deklarazioak ere jaso dituzte kazetariek: bikote normala zela eta gizona oso jatorra, eskaileretan beti agurtzen duen horietakoa.
Egia da komunikabideek honelako gertaerei buruzko informazio asko ematen digutela, baina ez gaituzte informatzen. Emakume baten aurkako indarkeriarekin zerikusia duten albisteetan detaile ugari eskaintzen dizkigute, soberazko deklarazio asko, baina ez digute tresnarik eskaintzen egoera hori nola sortarazi den ulertu ahal izateko, ez dute gaiaren muina ukitzen. Agian hunkituko gaituzte, baina ez informatu.
Kazetaritza ikasketetako lehenengo mailan ikasten dela uste dut: testuinguruaren garrantzia. Ez dago informatzerik testuingururik gabe. Ezin da herri batean gertatu den atentatuaz hitz egin herrialde horrek bizi duen egoera politikoa aipatu barik, nahiz eta komunikabideek egunero egiten duten. Emakumeen aurkako indarkeriaz ari garenean, berdin. Testuingurua ezagutzea ez da emakume bati zenbat labankada eman dioten jakitea, baizik eta antzematea egunero guztiok mantentzen ditugun zein balore eta jarrerek ematen dioten pertsona batzuei beste pertsona batzuen jabe direla pentsatzeko baimena.
Notiziak biluzik aurkezten bazaizkio, errealitatea itsu-itsuan baloratu beharko du hartzaileak. Eta, oker ez banabil, komunikabideen helburua hartzaileari munduan gertatzen dena ulertarazteko laguntza eskaintzea dela erakusten da Kazetaritza fakultatean.