Síguenos en redes sociales:

Errebelazioak

Tira, bada gauza asko esan behar nizkion. Adibidez, idazleak gure barruan dagoen zerbait ikustarazteko laguntza eskaini ahal digula. Gure barnean egon arren ez genuena ezagu-tzen, hitzak falta zitzaizkigulako. Idazleak nobela, ipuin edo poema baten bitartez hitz egiten digunean, geure barruan ezkutuan zeuden hainbat pentsamendu, emozio eta ñabardura ager-tzen dira. Oraindik errebelatu gabeko argazki asko ditugu barnean eta idazleak argazki horiek errebelatzeko likidoa eta gela iluna eskaintzen dizkigu. Horregatik, irakurtzea askotan errebelazio bat izaten da, norbaitek hitzetan azaltzen digulako geure barnean egon arren ordura arte adiera ezina zen zerbait. Eta zerbait hori ez da fikzioa, benetakoa baizik.

Esan behar nion irakurritako istorioek bizi-tza eredu ezberdinak erakusten dizkigutela, eta beraz, bizitza eta gizakien jarrerak hobeto ezagutzeko eta ulertzeko aukera ematen digutela; eta irakurketaren bitartez, mundua beste pertsona baten begietatik ikusteko aukera dugula; eta mundu errealetik urrundu ordez, gehiago hurbiltzen gaituela errealitatera.

Askotan erantzunak baino galdera gehiago sortarazten dizkigute fikziozko istorioek, bai, hori ere esan behar nion, baina galdera hauek erantzun modukoak ere badirela, izan ere, galdera hauei esker mundua guk uste baino zabalagoa dela konturatzen garelako, oraindik zapaldu gabeko lurralde asko daudela, eta ez bakarrik fisikoak, geure buruaren mugak baitira zabaltzen direnak irakurketarekin.

Eta ziur gauza gehiago esan behar nizkiola. Bururatuko zaizkit geroago, agian artikulu hau argitaratzen den unean. Beranduegi berriro ere.