Pelikulak
ICIAR Bollainek pelikula berria zuzendu du, "También la lluvia". Bolivian Cristobal Colonen konkistari buruzko pelikula bat filmatzen ari den talde bat da pelikulako protagonista. Pelikula bat beste pelikula baten barnean. Azken aste hauetan hainbat elkarrizketa egin dizkiote zuzendariari eta batzuk irakurri ditut. Aitortu behar dut aurreiritziekin irakurri ditudala elkarrizketak, baina ez Iciar Bollainek esan zezakeena aurreikusiz, elkarriketatzaileek galdetu zezaketena iragarriz baizik. Iciar Bollain zine zuzendaria da, baina Iciar Bollain emakumea da eta, horrez gain, hiru seme-alaba ditu. Hau kontuan izanda, zenbait galdera agertu behar ziren susmoa nuen. Adibidez: Nola egiten duzu lana aurrera atera-tzeko hiru seme-alaben ama izanda? Galdera horren bila "eskaneatu" dut elkarrizketa begiekin eta hara, agertu da azkenean. Bollainek oso erantzun ona ematen du: Umeen zaintza bien gauza da, nire senarra eta nirea, beraz berak lana duenean nik zaintzen ditut, eta ni lanean nagoenean berak. Demagun Iciar Bollain gizonezkoa dela, Iñigo Bollain. Inork galdetuko lioke Iñigo Bollain bati nola egiten duen hiru-seme alaba izanda lan egiteko? Kazetariaren galderan txertatua dago pentsamendu bat: Emakumea izateagatik berak ardura handiagoa duela umeen zaintzan. Aurrera egin dut elkarrizketa irakurtzen. Beste galdera bat. Honela dio elkarrizketatzaileak: Pelikula honetako protagonistak hiru gizon dira, aurrekoetan emakumeak izan dira. Etorkizuneko lanetan mundu femeninoa interesatzen jarraituko zaizu? Eta Iciarrek berriz ere erantzun ezinhobea: Niri mundua interesatzen zait. Demagun, berriz ere Iñigo Bollainen aurrean gaudela eta emakumea protagonista duen pelikula filmatu duela. Kazetariak galdetuko al lioke aurreran-tzean mundu maskulinoa interesatzen jarraituko zaion? Ez, mundu maskulinoa, mundua baita. Mundua bera baita maskulinoa. Kazetariaren galderetan mundua ikusteko modu bat dago txertatua. Hemen ere pelikula bat beste pelikula baten barnean.