Síguenos en redes sociales:

Bibrazioak

Nahasia du burua azkenaldian. Aurrekoan semeak honela abestu zidan: "Oleeeentzero, tiene una casa nueva…". Ez da harritzekoa haren nahasmena, hain da izugarria azkenaldian jasaten ari den publizitate, folklore eta emozio bonbardaketa. Leiho eta balkoietatik zintzilik dauden panpinei jakin minez begira, lapurrak al diren galdetu zidan herenegun. Baietz erantzuteko gogoa izan nuen, izan ere, gizon horiek ia bankuek baino diru gehiago lapurtzen didate urtero, baina ezetz erantzun nion, Santa Claus eta Olentzero direla, eta zintzilik daudela etxeetan jostailuak uztera doazelako. Harrituta begiratu zidan eta panpinak baino ez direla esateko gogoarekin geratu zela uste dut. Orduan konturatu nintzen azkenaldian neuk ere nahiko nahasia dudala burua tontakeriak baino ez baititut esaten.

Konturatu gabe eta nire printzipio guztien kontra kontsumismoaren maistra bihurtu naiz, tokatu zaigun kontsumo gizarte honetan semeari lehen pausuak ematen laguntzen dion gida. Izan ere, gogo bizitan eman diot eskutara postontzian utzi duten jostailuen katalogoa (bere eduki sexista eta guzti: panpinak neskentzako, autoak mutilentzako) eta irrikaz eskatu diot aukeratu dezala lehenbailehen jostailuren bat; burua nahasi diot nire erantzun ganoragabekoekin, nor den indartsuago galdetzen didanean, Olentzero, Santa Claus edo Errege Magoak; oihu histerikoak bota ditut kaleetan jarri dituzten argitxoak seinalatuz, energia alferrik galtze horren aurrean bera ere nirekin batera pozteko eskatuz bezala.

Orain dela egun batzuk irakurri nuen zenbait zentro komertzialetan gurasoen arteko liskarrak sortu direla heldu bezain pronto gastatzen den jostailuren bat erosi nahian. Hasieran barre egin nuen, baina bat batean negar gurea etorri zitzaidan neure burua imajinatu nuelako gizon bati alkandorako lepotik tenka egin ondoren, jostailu-dendako pasillotik korrika.

Ez da harritzekoa semeak burua nahasia izatea, azken aldian bibrazio arraroak baino ez dizkiot bidaltzen eta. Antsietate zoriontsuak.