Zerura begira
Zerura begira geunden semea eta biok. Askotan begiratzen dugu zerurantz, beti dago han sorpresaren bat: hegazkin baten arrastoari segika doan zizare zuria, egunez ikusi daitekeen pazientzia gutxiko ilargia, eguzkiak gorritutako suzko hodeiak... Halako batean, semeak galdera: "Ama, hodeiak zergatik ez dira jausten?". Galderak egiteko adinean dago. Dena da zergatik. Dena da zer. Dena da nola. Zeruan dauden gauzak ez direla jausten erantzun nion, baina hori ez dela egia esan zidan berak, euria, adibidez, jausi egiten dela, goitik behera. Erantzunik gabe utzi zidan. Beste askotan bezala. Etengabe ari baita galdezka, dena jartzen du ezbaian, eta askotan niri sekula bururatuko ez litzaizkidakeen galderak egiten ditu. Gero, urteekin, zoritxarrez, pasatuko zaio. Jakin mina galtzen joango da poliki-poliki. Eta nagusi gehienei bezala, galderak egiteko arrazoiak ahaztu egingo zaizkio, edo ez ditu gogoratu nahiko, eta galdera gabe geratuko da. Ordurako ohituta egongo da mundu honetara eta dena irudituko zaio "normala", edo ez du gogorik izango normala benetan normala den egiaztatzeko, normala iruditzen zaiguna apartekoa izan daitekeela konturatzeko. Gu ohituta gaude, gauzak diren modukoak izan behar dutela pentsatu eta ez dugu jada ezer ezbaian jartzen. Erosoagoa da. Ez dugu galderarik egiten. Burua ez nekatzeko. Erantzunak nahi ditugula esaten dugu askotan. Nola, bada, galderarik ez dugu egiten eta? Izan ere, galderak egiteak askotan beldurra ematen baitigu, nahiz eta jarrera jakintsuagoa den galdera batzuk egiteko gaitasuna izatea, erantzun guztiak jakitea baino. Umeengandik ikasi beharko genuke eta aurrean agertzen zaigun guztia ezbaian jarri. Galdera bakoitza lurrez betetako palakada bat da, gauzen muinerako bidean zuloa egitean jasotakoa. Eta nork daki, agian, lur azpian espero ez genuena topa dezakegu. Zeru bat, adibidez, zergatik ez, bere zizare zuri, pazientziarik gabeko ilargi eta suzko hodeiekin. Baina hala den jakiteko bide bakarra daukagu: hodeiak zergatik ez diren jausten galdera egitea, adibidez.