Síguenos en redes sociales:

Aitona

Iloba goizero hiru orduz zaintzeko eskatu ziotenean harritu egin zen. Eta baita beldurtu ere. Ez zuen bere burua inondik inora ere haurtzain modura ikusten. Bere emazteak askotan zaintzen zituen beste ilobak, baina inoiz ez zuen pentsatu berak ere halakorik egin beharko zuenik. Egoerak behartu zuen azkenean. Hainbeste hilabete lan bila ibili ondoren, alabak azkenean hiru orduko lana aurkitu zuenean, pozarekin batera, arazoa etorri zen: norbaitek zaindu beharko zuen haren semea. Amonak nahikoa zuen beste ilobak zaintzen eta alabak ez zuen diru nahikorik irabaziko norbait kontratatu ahal izateko. Ez zuen irtenbiderik. Aitonak zaindu beharko zuen haurra.

Hasieran, iloba kaletik paseatu behar zuenean, orgatxoari esku batekin bakarrik heltzen zion. Bi eskuekin orgatxoari bultzaka barregarri sentitzen zen. Txikiteoko lagunek ume baten orgatxoarekin ikusteak lotsatzen zuen. Berrogeita hamar urtetan egindako lanak gogortutako eskuak ziren bereak, gizon-gizon batenak, jubilatuta egon arren etxeko atea margotu edo autoa konpondu zezakeenak, baina ez ziren haur bat zaintzeko eskuak. Horregatik, esku bakarra erabiltzen zuen, kalean aurkitutako norbaitek minutu pare batez orgatxoa zaintzeko eskatu izan balio bezala.

Ordutik lau hilabete pasatu dira eta egoera zeharo aldatu da, jada ohitu da. Denbora honetan berarentzat ezezagunak ziren esperientziak bizi ahal izan ditu eta bere garaian aita bezala galdu zuen guztiaz konturatu da. Seme-alabekin jolasean egin ez zituen ordu guztiak egin ditu ilobarekin. Eta orain, txikiteoko lagunekin topo egiten duenean, gogoz esaten die bera ez dela aitona, bera aita ona dela, bai, horrela esaten die: "Ni ez naiz aitona, ni aita ona naiz." Eta barre egiten du.

Gaur bertan ikusi dut kalean. Kokotsa goian zihoan, eta ilobaren orgatxoari bi eskuekin heltzen zion. Harro.