Argi Luzeak
Ez dakit gure arazoen konponbidea izan daitekeen, baina arazoak lasaitasun handiagoz hartzeko aukera ematen digu behintzat. Arazoei begiratzeko distantziaz ari naiz. Izan ere, gogorrena ez da gertatzen zaiguna, gogorrena beti izaten da gertakizunaren aurrean guk hartzen dugun jarrera. Horregatik, erabiltzen dugun zoom-aren arabera, arazo bera konponezina edo gaindigarria izan daiteke.
Gure buruhausteei konponbidea aurkitzeko oso lagungarri izan daiteke distantzia laburrak saihestea, itolarria baino ez digutelako ematen, eta hauei urrunetik begiratzea, goiko aldetik, zerutik hegan doan hegazti baten antzera. Agian horrela, distantzia horretatik, azkenaldian burutik kendu ezin dugun arazo hori ez zaigu hain larria irudituko.
Putzu txikian itotzen den jende asko ezagutzen dut. Euren burua arazoren bat edo egoera gatazkatsuren baten aurrean aurki-tzen dutenean, itsutu egiten dira, ez dute besterik ikusten. Euren kameraren zoom-a topean dago. Ondorioz, ez dute arazoaren inguruan dagoen gainontzekoa ikusten. Ezagutzen ditut baita ere arazoren baten aurrean daudenean, atzera pausu bat eman dutenak, eta ez ihes egiteko, arazoa perspektibaz ikusteko baizik. Zailena bada ere, jarrera zen-tzuzkoena iruditzen zait.
Aipagarria da arazoak urrunetik ikusteko saiakera egiten duten pertsona gehienak aurretik arazo larri bat gainditu dutenak izaten direla: gaixotasun bat edo maite duten pertsonaren baten heriotza, adibidez. Eta aipagarria da, halaber, putzu txikian itotzen diren taldeko gehienen arazoak ez direla izaten hain larriak.
Kasu askotan, benetako egoera gaitz eta estua gainditu duten pertsonek lezio ederra ematen digute. Eta lezioak hau dio: bizitzako errepidetik hobe dela argi luzeekin joatea argi laburrekin baino. Argi luzeek erakusten baitigute errepidea ez dela gure begien aurrean bukatzen.