Kaosa
Sortze artistikoak kaosean du iturburua. Kaosak energia ematen dio sortze prozesuari, ate berriak irekitzen dizkio, aukerak biderkatu. Idazlea kaosean murgiltzen denean irudi, usain, soinu eta sentsazio ezberdinak aurkitzen ditu. Igeri egiten du kaosaren itsaso zabalean. Eta amets batean bezala, burua uretan sartzean, fotograma solteak ikusten ditu. Fotogramak bere bizitzako pasarteak izan daitezke, kalean ikusi dituen irudiak, pelikula bateko elkarrizketa zatiak, txikitan irakurritako ipuin bateko pasarteak, ezpain batzuen mugimendua… Aliziak lurralde miresgarrian bezala, idazten hasterakoan egileak laban egiten du txirrista batetik nora helduko den jakin barik. Anabasan sartzen da buru belarri. Basatzan bukatuko du batzuetan, kotoizko hodeien gainean bestetan.
Eta, hau paradoxa, kaosean bilatzen duena ordena da. Izan ere, hainbestetan esan den bezala, idaztea bizitza honetako kaosa ordenatzeko modu bat baita. Jendeak istorioak entzun eta irakurtzeko beharra izaten du, eta behar honen arrazoia horixe izan daiteke: gure bizitzako kaosa ordenatzen laguntzen digutelako beste pertsona batzuei buruz hitz egiten duten istorioek. Guri gertatzen zaiguna ulertzen laguntzen digu nobela bateko protagonistari gertatzen zaiona ezagutzeak. Edo guk sentitzen duguna ulertzen laguntzen digute poema batean idazleak idatzita utzi dituen hitzek. Argiztatu egiten dituzte gerizpean eta erdi lo gordetzen ditugun hainbat sentipen, sentsazio, bizipen.
Horregatik, kaosetik jaio badira ere, literaturaren emaitzak zehatzak dira. Matematika bezain zehatzak. Horregatik, poema batek, ipuin batek, zehatza izatea lortzen duenean, xiringa baten antzera sartzen zaigu azalean. Zizt. Bitsa eskuetan, Miren Agur Meabe idazlearen azken poema liburuko poemek bezala. Matematika ordenaren eta neurriaren zien- tzia da. Baita literatura ere, nahiz eta kaosaren itsaso zabal eta batzuetan zakarrean sortu.