Síguenos en redes sociales:

All iron

Euforiaz oihukatzen dute jarraitzaileek Alirón. Euren futbol taldea goraipatzeko modua dute hori. Baina erabiltzen ditugun beste hainbat hitzen antzera, ez dute ezagutzen zehazki hitzaren esanahia, are gutxiago haren jatorria. Beste teoria batzuk ere badaude, baina hitzaren jatorria Bizkaiko (eta zehatzago, Muskizeko) mea-tzeetan dagoela defenditzen duena aipatuko dut. XIX. mendearen bukaeran enpresa ingeles batek uztartzen zuen burdin esplotazioan meatzariek aurkitutako burdinaren purutasunaren arabera kobratzen omen zuten. Burdinaren purutasuna bikaina zenean, enpresa ingeleseko arduradunek kartela jartzen ei zuten meatzeko atarian eta bertan "All iron" irakurri zitekeen, hau da, "Dena burdina". Hau gertatzen zenean, ordainsaria bikoitza izaten zen langileentzat, eta ondorioz, pozez oihukatzen zuten: "Alirón, alirón!".

Antzeko zerbait gertatzen da beste hainbat hitzekin. Lekeition, adibidez, blanbernixa hitza erabiltzen da pertsona baten gogorik eza adierazteko. Esaten zaion guztiak laban egiten diola esateko. Honen jatorria beste hitz ingeles batean omen dago. Arrantzaleek itsasontzietan "Black barniz" izeneko produktua erabiltzen zuten egurra, produktu metalikoak eta arropak hezetasunetik babesteko, eta gaur erabiltzen da pertsonak bernizadura emanda duela adierazteko.

Edozein arropa dendetan dauden kamiseta, jaka eta jertseetan ingelesezko hitzak agertzen dira baita ere. Eta askotan soinean izaten ditugun jantzi hauek diotena ez dugu ezagutzen. Aurrekoan ingeleseko akademia baten iragarkia ikusi nuen eta horrela zioen: "Hemen erakusten dizugu soinean duzun kamisetak dioena". Ona iruditu zitzaidan. Izan ere, hitzen esanahiaren ezjakintasun hau guztiz bat dator gure bizitzeko moduarekin. Hitzekin bakarrik ez da gertatzen, baita beste hainbat gauzekin ere, ideiarik ere ez baitugu jan eta erabiltzen ditugun hainbat produktuen jatorriaz.