Síguenos en redes sociales:

Nahi dut

jolasean ari dira umeak, ikastolara eramango dituen autobusaren zain. Ikasturte berriaren lehen eguna izanik, ez dute elkar ezagutzen, baina dagoeneko bi elkartu dira eta hasi dira bata besteari eskuetan daramaten jostailuak erakusten: begira auto bat daukat, batek; ba nik kamioia, besteak. Jostailuak truka-tzen hasi dira, pozik, barrezka, gurasoak irribarrez begira dituztela.

Hirugarren ume bat agertu da amaren eskutik. Jolasean dauden umeei begira dago, haiekin jolasteko irrikan, baina ez da haiengana hurbiltzen. Ez da ausartzen. Amak joateko esan dio eta azkenean, lotsati, gerturatu da eta euren alboan geratu da, eskuetan Gormittiren panpina duela. Geldirik dago, ezer esan eta egin gabe, estatua baten antzera, jolasteko beste umeen gonbidapena beharko balu bezala. Baina umeek jolasean jarraitu dute alboan duten haurrari kasurik egin gabe. Orduan amarengana bueltatu da umea esanez: "Ama, ez dute nirekin jolastu nahi."

Umeak hasiera-hasieratik sinetsita zuen beste umeek baztertuko zutela, eta horregatik geratu da geldirik, horregatik ez da ausartu inolako gonbidapenik gabe besteekin batera jolasten. Besteekin jolasteko nahia baino indartsuagoa den zerbaitek desbideratu du bere asmotik: bere buruaz duen irudi kaxkarrak. Ez da egia umeek berarekin jolastu nahi ez dutenik. Bera da bere burua baztertu duena ez baitu ezer egin besteek onartu dezaten. Eta erraza zuen. Beraiekin jolasean hastearekin nahikoa zuen. Nahikoa zuen esatearekin: "Begira, Gormitti bat daukat."

Nagusiekin ere antzekoa gertatzen da kasu askotan. Hau eta bestea nahi dugula esaten dugu baina gero ez dugu hau edo bestea lor-tzeko ezer egiten. Zain geratzen gara, norbaiten baimena edo gonbidapena beharko bagenu bezala. Baina ez zaigu inor etorriko baimenik ematen geuk geure buruari baimena ematen ez badiogu. Erraza daukagu, beraz. Zerbait nahi izanez gero, hura lortzeko pausuak ematea baino ez daukagu. "Begira, Gormitti bat daukat" esatea bezain erraza da.