Síguenos en redes sociales:

Harmonia

helburu eta asmoen zerrenda egiteko garaia izaten da ikasturte hasiera, baina oraingoan zerrendarik ez eta hitz bakarra etorri zait burura: harmonia. Datozen hilabeteetan nire bizitzaren zuzendari bat aukeratzeko eskatuz gero, harmonia aukeratuko nuke. Harmoniaren batutak nire bizitza gidatuz gero, hobeto biziko nintzatekeela iruditzen zait. Hainbeste ate eta leiho irekitzen ditu harmoniak? Ikasturte hasiera honetako proiektuen zerrenda amaigabearen atzean ezkutatzen diren hainbat eta hainbat helburu lortzeko pasa-hi-tza eskaintzen digu. Ongizatearen giltza da. Bakearen lehengusina, orekaren ahizpa.

Bizitzako alor guztietan ezarri daitekeen harmoniaz ari naiz: pentsatzen duguna eta egiten dugunaren arteko harmonia; burua eta gorpu-tzaren artekoa; geure borondate eta helburuen arteko harmonia; geure zentzuen eta naturaren artekoa; norbera eta inguruan dituen pertsonen artekoa; sexu ezberdinetako pertsonen arteko harmonia; geure buruko alde arrazionala eta emozionalaren artekoa; izan nahi dugun eta garenaren arteko harmonia; besteei eta geure buruari exijitu edo eskatzen diogunaren artekoa; lanari eta familia eta lagunei eskain-tzen diegun denboraren arteko harmonia?

Harmoniaren emaitza beti da ederra, beti da onuragarria. Ezinbesteko osagaia da lasai eta pozik bizitzeko. Horregatik diot agian hobe genukeela ikasturte hasiera honetan harmoniak ematen digun orekaren bila aritzea, ikastaro, master edo tailerren batean estu eta larri izena eman nahian ibiltzea baino, adibidez. Agian hobe genuke geure burua gorputzarekin adiskidetzen saiatzea, gimnasioan apuntatzea beste aukerarik ez ikustea baino. Hobe genuke etxe alboko arbolak egunez egun hostoak nola galtzen dituen ikustea, begiak erre arte telebistari hainbeste ordu begira egotea baino. Agian heldu da garaia harmoniaren aroma neutroarekin busti eta indarrez usain hartzekoa. Indarrez, sabeletik. Ez zait bururatzen modu hobeagorik ikasturte berriari gogoz ekiteko. Animo.