Síguenos en redes sociales:

Inoiz ez

Neska eta mutilak ikusi dituzu uda honetan Lekeitioko portuko uretan dzanga egiten. Abadeen moilatik egiten dute salto eta uretan sortzen dituzten zipriztinei begira gazte garaian gauza bera egiten zenuela gogoratu duzu. Orduan ohartu zara badaudela hainbat gauza ez dituzula zure bizitzan gehiago egingo. Gaur bertan, neska mutilei begira, konturatu zara badaudela hainbat gauza inoiz egingo ez dituzunak. Inoiz ez.

Adin kontua da. Gazte garaian ez zegoen zeure buruan "inoiz ez" hitzentzako lekurik. Ez zenuen zure amets eta proiektuentzako horma edo oztopo gaindiezinik ikusten, eta goizago edo beranduago hauek betetzeko aukera izango zenuela pentsatu zenuen beti. Baina gaur konturatu zara badaudela hainbat gauza ez dituzula inoiz egingo. Badaude, adibidez, hainbat sentimendu eta esperientzia inoiz ez direnak errepikatuko. Inoiz ez duzu sentituko lehen muxuarekin sentitu zenuena; inoiz ez duzu berriz hitz egingo edo barre egingo bidean geratu zirenekin; ez zara inoiz harrituko lehenbizikoz Bill Frisellen gitarra edo Miles Davisen tronpeta entzun zenituenean harritu zinen bezala; ez zara inoiz lehenengo mozkorrarekin bezala asaldatuko; edo ez duzu lehenengo erditzeak sortu zizun zirrara sentituko…

Eta honekin batera, mundu honetan egongo zaren denbora infinitua ez denez, konturatu zara hainbat gauza baztertu beharko dituzula beste batzuk egin ahal izateko. Aukeratu beharko duzula, alegia. Beraz, gero eta argiago duzu ez diozula munduari buelta egiteko ametsa beteko edo ez duzula alemanera edo frantsesa ikasiko behin aurreikusi zenuen bezala.

Asko maite zuen pertsona baten heriotzaren ondoren, zure lagun batek esan dizu min gehien eragiten diona "inoiz ez" hori dela. Zaila dela barneratzen bere laguna inoiz ez duela berriz ikusiko. Gaur edo bihar ez duela ikusiko pentsatuz gero, ez dagoela minik. Baina inoiz ez…