garai batean telebistako iragarkiek glamourra eta ametsak saltzen zizkigutela gogoratzen dut: luxuzko autoak, high class-eko jendearen jaietan hartzen ziren aparteko edariak, haizea bezain libre izaten laguntzen ziguten ilerako produktuak, lepo eta atzamar dotoreenetan erakusten ziren harribitxiak? Gizartearen gehiengoaren desioen isla ziren telebistako iragarkiak: bertan agertzen ziren pertsonaien antzera bizitzea zen gehienen ametsa.
Azken aldian telebista ikusteko aukera gutxi izaten badut ere, azken asteetan ikusi dudanak zer pentsa eman dit. Iragarkiek garai bateko glamourra galdu dutela konturatu naiz eta farmazia bateko lehiatilatxoak bihurtu direla. Hara zer saltzen diguten: komunerako bidea errazten dizkiguten yogurrak, kolesterolaren maila jaisten laguntzen duten esnekiak, hezurrak indartzeko ezinbestekoa den kaltzio estradun esneak, txiza galerentzako konpresak, gorputzak sortutako haizeak desagertarazten dituzten pilulak, hortzordeentzako itsasgarriak, hemorroideentzako kremak?
Eta telebista iragarkien glamour eskasiaren zerrenda ez da hor bukatzen. Hor daude gorputzeko ileak kentzeko aparatuen anuntzioak, izerdirik gabeko 48 ordu bermatzen duten desodoranteak, etxean gimnasia egiteko aparatuak, sabela puztuaren kontrako kremak? Sendatzeko beharra dugula erakusten digute iragarki gehienek, gaixoak garela sentiaraziz. Gure gorputza aldatu edo modelatu behar dugula esaten digute, itxuragabe eta gizen sentiaraziz.
Gaur, gure ametsa ez da Karibeko hondartza bateko urertzetik paseatzea, edo palmatar baten gerizpean etzanda egotea. Gaur gure gorputzak osatu eta konpontzea da nahi duguna. Eta bide batez, gure etxeko komunean klik bakar batekin eukaliptusaren usaina zabaltzea lortzen badugu, hobe. Gora glamourra.