Síguenos en redes sociales:

Kriptonita

ama izateko mila modu daude, ez bakarra, askotan sinistarazi nahi izan diguten bezala. Ama izan arte guztiz beteta sentitzen ez den emakumearen irudiaren kontra nago. Bizitzan helburu gorenetakoa ama izatea duen emakume entregatuaren irudi estereotipatuaren kontrakoa naiz. Horregatik, amatasunaz hitz egitean, lehen pertsonan egiten dut, inor ordezkatzeko asmorik gabe.

Nire kasuan, ama naizenetik konturatu naiz aurretik ezagutzen ez nituen energiak sortzeko gai naizela, adibidez, edo jasanezinak ziruditen minak jasateko, edota itxaronaldi luzeetarako pazientzia izateko. Baina burua eta gorputza inoiz baino indartsuagoak sentitzen baditut ere, aldi berean, inoiz baino ahulagoa naiz. Ama naizenetik, lehen baino hobeto bereizten dut zerk daukan garrantzia eta zerk ez, eta inoiz baino seguruago sentitzen naiz. Baina, aldi berean, zaurigarriagoa naiz.

Komikietako heroiak datozkit gogora. Ez zioten ezeri beldurrik. Gai ziren suaren gainetik salto egiteko, arma suntsitzaileei aurre egiteko, itsas mamu batekin urpean borroka egiteko edo pistola eskuan zuenaren gainera salto egiteko. Baina, bazuten ahulune bat: maite zituzten pertsonak. Maite zituzten pertsonei min egiteko mehatxua egonez gero, orduan heroiak amore ematen zuen, maltzurren esanetara geldituz.

Ama naizenetik antzeko zerbait gertatzen zait. Nire seme-alabek indarra ematen didate, baina era berean, nire ahuluneak dira. Barre egiten badute, ondo sentitzen naiz, baina haiek min izanez gero, neuk ere. Horregatik, sekulako mina sentitzen dut beste amaren bat bere seme-alabengatik sufritzen ikusten dudanean. Badakidalako, gure seme-alabak gure kriptonita bihurtzen direla: Behin jaiotzen direnean, ezinezkoa egiten zaigu haiek gabeko bizitza bat imajinatzea.

(Anarentzat, zure mina indar bihurtu dadila).