Lesakako kanpaiak
urruntasuna idealizazioaren laguna da. Urruneko amodioak, urrunean utzitako herriak, familia, lagunak? Urrunean dagoena idealizatzeko joera dugu. Garai batean Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten pertsonei, adibidez, askotan entzun diegu euren jaioterriaz modu idealizatuan hitz egiten. Inoiz haietako batzuekin izateko aukera izan dudanean, neure buruari esan diot, zaharrenen kasuan bereziki: hobe ez badira inoiz bueltatzen gaur eguneko Euskal Herria, hobe irudi idealizatu horrekin geratzen badira.
Baina batzuetan ideala aurrez aurre ikusteak merezi du. Behin, Buenos Airesen nengoela, berrogei urte inguruko emakume bat ezagutu nuen. Iriondo zuen abizena, euskaldunak ziren haren aitona-amonak, Lesakakoak. Haiek Argentinan sentitutako herrimina deskribatu zidan. Amonak arratsaldero ordu berean isiltzeko eskatu eta honela esaten zion: "Une honetan Lesakako elizako kanpaiak ari dira jotzen". Egunero esaten zion, ordu berean, urrunera begira eta buruan laztan egiten zion bitartean, bera oraindik neskato bat zela. Amona ez zen inoiz bueltatu jaioterrira, baina bera bai. Haren jaioterria lehenbizikoz ikusteko sekulako ilusioa zuen. Lesakara heldu eta, lehen gauza, elizara hurbildu zen. Elizako atea zabaldu eta barnera sartzean, une magikoa bizi izan zuen: bertara bere arbaso guztiekin batera sartzen zela sentitu zuen. Hala kontatu zidan begiak urtuta, guztiz hunkituta.
Buenos Airesen bertan emakume eibartar bat ezagutu nuen, 80 urtetik gorakoa. 20 urterekin herritik ihesi irten eta ez zen inoiz bueltatu. Urte guzti hauetan Argentinan nola bizi izan den galdetu nion, eta berak, begietara begiratuta, honela erantzun zidan: "Ni ez naiz hemen bizi izan inoiz. Ni beti bizi izan naiz Eibarren?nahiz eta hemen egon". Eibarreko kaleetako ahots, musika eta zaratak entzuten zituen hark egunero, Lesakako amonak elizako kanpaiak entzuten zituen modura.