Síguenos en redes sociales:

Historia hormetan

gASTEIZKO Alde Zaharraren eraberri-tze prozesuaren barnean, proiektu interesgarri bat dago martxan, Hiri margotua izenekoa. Auzokide talde batek hasi zuen egitasmo honen bitartez zenbait etxeetako aurrealde edo fatxadetan tamaina handiko horma-pinturak margotu dituzte, eta gutxika, auzoa kolorez eta artez zipriztintzea lortzen ari dira. Pintura hauetan hiriko Alde Zaharraren historiaren eszenak jasotzen dira: merkatariek garai batean bertan egiten zituzten salmentak, San Joaquín eta Santa Anaren XIV. mendeko kondaira zahar bat ?

Honako horma-pintura erraldoi bati begira nengoela, arteak Historiaren lekuko gisa duen garrantziaz pentsatu dut, eta ia bat batean, Alde Zaharreko kaleetan gertatu diren beste historia txiki batzuk etorri zaizkit gogora. Zapatari, Errementari eta Hedegile kaleak (Zapa, Herre eta Corre) garai batean mugida baten epizentro historikoa izan ziren. Laurogei hamarkadaren erdialdean eta laurogeita hamarrekoaren hasieran Euskal Rock Erradikalaren boom-a bizi izan zen bertan. Bodegoia, Sotano, Iturri edo San Roque bezalako tabernatan garai hartan sortutako hainbat talderen musika entzuten zen: Kortatu, RIP, Potato, Bap!, Barricada, La Polla, Cicatriz, Korroskada, Kemando Ruedas, MCD, Tijuana in Blue, Eskorbuto, Baldin Bada, Hertzainak? Eta nazioarteko beste batzuk ere: Sex Pistols, The Clash, Ramones edo Toy Dolls, esaterako. Bota militarrak eta larruzko jaka beltzak nagusi ziren giro hartan hainbat egitasmo kultural eta sozial jaio ziren: musika taldeak, komikiak, fanzineak, irrati librea? Eta hauetako askok bizirik irauten du oraindik.

XIV. mendeko Historia horma-pinturatan jasotzea ondo iruditzen zait, baina "mugida" guzti honek ere pintura bat merezi duela uste dut. Jaio zen lekuan bertan, garai batean bertan bizi zenaren lekuko. Hura ere Historia delako. Gasteizko Historiaren zati bat.