Baikortasuna ez dago modan. Idatzi ezazu ipuin baikor bat, itxaropenez beteriko horietako bat, ondo bukatzen dena, eta ipuin memelo bat idatzi duzula aurpegiratuko dizute. Ameslaria izatea ez dago modan. Konta ezazu dauzkazun amets utopiko horietako bat eta aitortu ezazu sinisten duzula posible dela lortzea, eta aurpegira barre egingo dizute, beste garai batekoa zarela esango dizute, ea noiz jartzen dituzun oinak lurrean. Inozoa halakoa. Adiskidetasuna ez dago modan. Lagun bategatik edozer egiteko prest zaudela esanez gero, nekez sinistuko dizute. Esan bai, erraza dela esatea baina gero praktikan jartzerako orduan balorerik ez duzula izango aurpegiratuko dizute.

Hemen eta orain modan dagoena istorioen bukaera krudelak dira, tragikoak badira eta odolaz zipriztinduak hobe. Hemen eta orain modan dagoena inortaz ez zarela fio esatea da eta bakoitza buruaskia izan behar duela, ez dugula inoren beharrik. Modan dagoena ezkorra izatea da, Murphiren legearen jarraitzaile sutsua. Eta moda horretatik kanpo gera-tzen denari barre egitea dago modan.

Eta egia da bizitza berez borroka baten antz gehiago duela hodei zuri eta bigunen arteko paseo batena baino, dudarik gabe. Bizitza gogorra da eta mundua injustizia, gehiegikeria, indarkeria han eta hemen daude, nola ukatu. Egunkariei begirada bat botatzea nahikoa da. Baina horrek ez du esan nahi mundu honetan ez zaiola tokirik utzi behar baikortasunari. Izan ere, ilusioentzako tokirik ez balego, are ilunagoa litzateke gure mundua. Horregatik ez dut uste jarrera baikorra erakusten duenari inozo deitu behar zaionik. Zabor artean ere, inoiz loreak hazten dira eta. Hala sentitzen dut gaur behintzat, azken egunetako eguzkiaren izpien berotasunak eta argitasunak eraginda, ziurrenik.