eguneko txanda egokitu zaio. Tranbian doala, Txagorritxurako bidean, egunkariko lerro-buruak errepasatu ditu. Han pertsona inportante asko agertzen dira, gauza inportanteak egiten duen jendea. Zortzietan sartu da ospitalera eta gaueko txandakoekin kafea hartu ondoren -gaur lan gogorra izan dute, zortzi erditzerekin- uniformea jantzi eta lanean hasi da. Ez dago galtzeko denborarik. Amaetxeko atean emakume bat dago zain, bere puztutako sabelari helduta, urduri.
Hogei urtez egin du lan Arantzak emagin moduan, baina lehen eguneko gogoaz ekiten dio egunero lanari. Bere lana gustatzen zaio eta gauzak ondo egitea du beti helburu. Amaetxera erdi-tzera datozen emakumeei pausoz pauso azaltzen die egin behar duten guztia, lasaitasunez eta modu maitagarrian. Badaki urduri daudela, ezinegonik, jakin-minez beteta, euren bizitzako momentu gogorrenetako baten atarian. Haiek lasaitzen saiatzen da. Erdi aurreko uzkurdura gogorrekin hasi da emakumea dilatazio gelan. Arantzak haren eskuari heldu dio eta bere gorputzaren barnean gertatzen ari den guztia azaltzen saiatu da. Dena ondo doala esan dio, laster bukatuko dutela. Badakiela min handia sentitzen ari dela, baina mina joan eta etorri egiten dela, joan eta etorri. Lasai egoteko. Oso ondo egiten ari dela errepikatu dio behin eta berriz.
Azkar doa dena. Behin eta berriro errepikatu dio oso ondo egiten ari dela, eta erditze gelara pasatzean etengabe hitz egin dio: Adi, nik esaten dizudanean, bultza egin, zure umeari irteten lagundu behar diozu. Azkenean, mina eta ahaleginaren ondoren, irten da. Emakumeak, lasaitu ederra hartuta, emaginari begiratu dio, esker onez. Haren laguntza ezinbestekoa izan da. Ordu batzuetan, emagina izan da bere gida, munduko pertsona inportanteena.
Tentsioaren ondoren, atsedena hartzen saiatu da Arantza, kafea hartu bitartean egunkariari begirada bat botaz. Han pertsona inportante asko agertzen dira, gauza inportanteak egiten duen jendea. Baina ez dauka irakurtzeko denborarik. Beste emakume bat dago amaetxearen atean zain.