eGUNEN batean betazaletan jarriko dizkiete iragarkiak. Komentario hori egin du lagunak, igande gaueko kiroletako programan berbetan dagoen futbolariari begira. Irakurtzen ari naizen egunkariko gehigarritik bista altxatu eta ulertu dut esan nahi duena: Futbolariak aurrean duen mikrofonoari txaplata handi bat jarri diote eta bertan bi enpresetako izenak ageri dira. Eta haren atzean, enpresa ezberdinetako ehunka logo ikusten dira kartel handi batean.
Ez dago iragarkietatik libre geratzen den tarterik. Ezta Athletiken kamiseta ere. Eta zer esan mendi goienetara igotzen diren eskalatzaile eta mendizaleei buruz. Txanoan, kamisetan, jaka termikoan? Han eta hemen ageri dira enpresa eta marka ezberdinetako izenak. Lehen, mendira igotzean ikurrina jartzen zuten han goian. Gaur egun, enpresa ezberdinetako logoak mugitzen ditu mendi tontorretako haize izoztuak.
Lagunak arrazoia duela pentsatu dut baina, kasualitatea, egunkariko gehigarrian aurrera eginez irakurri dut krisia dela eta ez dela, egunkariek gero eta iragarki gutxiago dituztela. Eta egia da, gero eta meheagoak datoz eta. Horregatik, erantzun diot lagunari agian hemendik aurrera iragarkien bonbardaketa guzti hori jaisten joango dela, enpresek nonbaitetik moztu behar eta publizitatetik mozten hasi baitaitezke.
Barre egin du lagunak, eta ezetz erantzun dit, ez duela uste: "Moztuko dute beste nonbaitetik. Moztuko dute langileen soldatetatik". Orduan, kasualitatea, telefonoaren txirrina. Hartu eta emakume baten ahotsa en-tzun dut bestaldean: "¿Tiene usted ADSL?". Nik baietz erantzun diot. "¿Quiere pagar menos?", galdetu dit orduan berak. Eta nik eskegi ondoren, lagunari esan diot arrazoia duela, egunen batean betazaletan jarriko dizkietela futbolariei iragarkiak, eta euren kontratuetan idatzita agertuko dela minutu bakoi-tzeko zenbat aldiz kliskatu behar dituzten begiak.