ume bat omen dugu denok barruan. Ba-tzuek ageriago eta beste batzuek ezkutuan, baina denok gordetzen ei dugu geure barruan haur gineneko esentziaren zatitxo bat. Gizon eta emakume helduenei ere, noizbehinka dir-dir egiten diete begiek euren garaiko haur jolasen bat gogoratzean, edo ikastolan abesten zuten kantaren bat entzutean. Ez badakigu ere, umea hor dago, gure barnean kukubilkatua, edozein momentutan salto egin eta irteteko prest.

Kontua da normalean ez diogula irteten uzten. Lotsa ematen digu, adibidez, semea edo alabarekin ikusitako marrazki bizidunen pelikula batek hunkitu egin gaituela aitortzeak; edo iloba gazteak irakurtzen dituen komikiak hartzera ez gara ausartzen, nahiz eta desiratzen egon. Esango dutenaren beldur gara. Hau heldugabe bat da.

Duela gutxi irakurri nion Yolanda Arrieta idazleari haur literaturako liburuak ez direla haurrentzako bakarrik. Nagusi batek ere gozatu dezakeela liburu horietako istorioekin eta ilustrazioen edertasunarekin. Duela urte batzuk ez nukeen oso ondo ulertuko Arrietak esandakoa, baina haur literaturara gerturatu naiz azken urteetan -ama izateak zerikusi handia izan du horretan, noski- eta aitortu behar dut zenbait ipuinek liluratu egin nautela, euren egileek erakusten duten ofizio, imajinazio eta mundu berriak eraikitzeko ahalmenagatik. Benetako maisu eta maistrak ditugu euskal literaturan alor honetan, eta nire galdera da merezi duten prestigioa eta balioa ematen al zaien.

Pasa den asteburuan Joxan Ormazabal hil zen. Umeentzako hainbat liburu idazteaz gain, geure buruan betirako geratuko diren hainbat haur-kanten hitzak idatzi zituen, eta editore lanetan ere aritu zen urtetan, baina haren heriotzarekin batera konturatu naiz nire inguruan jende gutxik ezagutzen zuela. Ziur naiz, baina, Joxanen lankide eta lagun izandakoek bere memoria bizirik manten-tzeko ahalegina egingo dutela. Hala bedi.