Ikusi eta ikasi
horrela bai, pentsatu zuen Maitek bere lehen lanpostua lortzean. Behingoz ikasle-pobrearen garaiak gaindituko zituela eta hilero banketxeko kontu korrontera dirua sartu behar ziotela pentsatzeak poztasuna eta lasaitasuna eman zion. Lanpostuan egin behar zituenak nahiko errazak ziren gainera. Egunero gauza bera egin behar zuen eta hilabete gutxitan Maitek automatikoki betetzen zituen bere eginbeharrak. Pentsatu gabe ia. Ez zuen berriz burua hautsi beharko azterketa garaiko egun jasangaitzetan bezala.
Hamar urte pasatu dira Maite lanean hasi zenetik, eta soldata igo diote ia urtero langile fina baita. Beste lan eskaintzaren bat izan du urte hauetan, baina Maitek bere betiko lanpostuan geratzea erabaki du, oso ondo menperatua duelako jada. Maitek eskarmentu handia du eta makina baten antzera egiten du lan. Pozik egon beharko luke baina, inori aitortu ez badio ere, hutsune moduko bat sentitzen hasi da aurten. Lanean egin zituen lehen urtetan bazegoen noizbehinka zer ikasi, gauza berriren bat, baina konturatu da orain egun guztiak berdinak direla eta ez dela gertatuko bere jakin-mina aseko duen ezer goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara.
Gabonetan enpresak oparitu zion egutegiari orria kendu dio. Apirila bukatu da eta hasi da maiatza. Egutegiak zita bat dakar hilabete bakoitzarekin eta maiatzekoak honela dio: Ikastea korrontearen kontra arraunean egitea modukoa da, arraunari eragin ezean, atzerantz zoaz. Zer pentsatu eragin dio zitak. Bat- batean ikasle garaiak gogoratu ditu. Poltsikoak hutsik zituen orduan baina egunero zerbait berria ikasten zuen eta honek korrontearen kontra aurrera egiten laguntzen zion. Orain bere burua ikusi du korronteak nahi duen bezala daramala. Eta zirrara sentitu du. Arrapaladan piztu du ordenagailua eta bila hasi da. Ez daki ziur zeren bila ari den: ikastaro bat, lan berri bat?, baina gogo biziz dabil bila. Gauza berriak ikasteko jakin-minez.