Gau ilunaren ostean egunaren argia dator, baina gau ilunean izandako amesgaizto batzuk ezin ditu ezabatu ezta egun argitsuenak ere. Eskubideen urraketa, injustizia, amorrua, bidegabekeria… Hainbat hitz erabili daitezke duela zazpi urte hasitako Egunkariaren amesgaiztoak guregan sortutako sentimenduen inguruan, baina hauekin batera, guztien gainetik, niri irudi bat datorkit burura: gau ilunena. Gau ilunetako beldurrarena.
Gogoratzen dut txikitan, beldurra nuenean, izara azpian ezkutatu eta han azpian, izerditan, ez nuela nire gorputzeko gihar bat bera ere mugitzen, norbait nire gelan sartuko ote zen beldurrez. Txikitako beldur batzuk ez dira inoiz desagertzen, ahaztu egiten dira, baina hazterakoan, pertsona batzuk mamua benetan existitzen dela egiaztatu ahal izaten dute.
Hainbatei gertatu zaie. Gau batez uniformatutako mamuak sartu dira euren etxeetara, lo egiten ari ziren ohera arte heldu dira. Eta jada mamurik existitzen ez zela ziurtzat jotzen zuten pertsona horiek harritu eta izutu egin dira benetako mamuak euren logelaren barruan ikustean.
Gau ilunak, baita atxilotutako pertsonen lagunek, bikoteek, familiak, seme-alabek igarotakoak ere. Nola azaldu seme-alabei mamurik ez dela existitzen zeure etxean bortizki sartu direla eta eurekin eraman zaituztela zuzen-zuzenean ikusi dutenean? Galdetu Joan Mari Torrealdairi, adibidez. Amesgaizto batzuk ez dira sekula desagertzen.
Gau ilunak. Aurreko egunean telebistan Iñaki Uriaren ama agertu zen. Haren begietan ere urte hauetan lo egin ezinik pasatutako gau ilunak islatzen ziren.
Gauak tragiko bihurtzen du edozein arazo. Gauetan dena iruditzen zaigu larriagoa, zaila izaten da arazo bati irtenbidea aurkitzea. Gaua kobazulo ilun bat izan daiteke. Horregatik aukeratzen dute gaua uniformatutako mamuek zenbait pertsonen etxeetara sartzeko. Gauez ahulagoak garelako. Ahulagoak oraindik.