parkean, neska talde bat eseri da nire alboan. Hamabost edo hamasei urte izango dituzte gutxi gorabehera. Oso altu hitz egiten dute eta behin eta berriro ari dira barre algaraka. Normala adin horretan. Baina hain normala iruditu ez zaidana eta atentzio eman didana euren keinu eta hitzetan antzematen den agresibitatea da. Bata bestea irainduz komunikatzen dira. Hala iruditzen zait niri behintzat, baina ikusten ari naizenez, haiei normala irudi-tzen zaie. Elkarri horrela hitz egiten ohituak daude, antza. Euren artean erlaziona-tzeko beste modurik ezagutzen ez dutela ematen du.

Mutil talde bat agertu da eta neskak agurtu dituzte modu lotsagabe eta iraintzaile batean. Baina neskak ez dira irainduta sentitu, hala ematen du, mutilek esandakoari barrezka erantzun baitiete. Neska batek, mutilen jokoa jarraituz, irain gogor bat bota dio mutil bati, eta orduan, mutila neskaren gainera abiatu da eta bi eskuekin haren lepoa estutzen hasi da, brometan, talde guztiak barre egiten duen bitartean. Askatu denean, neskak, pasa duen estuasuna disimulatu nahian, berriz iraindu du mutila hitz gogorrekin eta poliki-poliki, isilduz joan dira denak. Litxarreria jateko ordua heldu da: barbakoa zaporeko gusanitoak, jamoi zaporeko artoak, txokolatezko palmerak, erregalizak, Coca Cola latak, gominolak? Antsietatez jaten dute. Elkarri hitz egiten dioten bezala.

Euren gurasoak imajinatu ditut une batean. Euren aita eta amekin horrelako jarrera izango duten pentsatu dut, harropuzkeria horrekin erantzungo dieten haiek esaten duten guztiari. Eta eguneroko albisteak irakurriko ez banitu, agian gehiegizkoa irudituko zitzaidan pentsatzea gure artean euren amei tratu txarrak ematen dizkieten gero eta seme gehiago daudela. Seme harroputz eta bortitzak, neska baten lepoa estu-tzea jolas dibertigarritzat dutena.