bera baino nagusiagoak diren umeekin elkartzen denean, nire semeak haiek egiten duten guztia egiten du. Lehengusina nagusiak ondo bazkaltzen badu, formal eserita plateraren aurrean, bera ere horrela egongo da. Baina neska atzera eta aurrera korrika hasiz gero, bera ere ez da geldituko. Neska-mutil nagusiak bere eredu bihurtzen ditu.
Baina hau ez da umeen kontua bakarrik. Helduen artean ere joera hau mantendu egiten da. Pertsona helduak etengabe ari dira eredu baten bila; lider bat, buru bat, jarraitu beharreko korronte bat behar dute. Txirrindulariak bezala, norbaiten gurpilari itsatsita joatea beti baita erosoagoa. Era honetara, gure gizartearen sail edo alor bakoitzak baditu bere liderrak, bere iritzi sortzaileak, bere guruak.
Lan batean izandako eskarmentuak, urtetan pilatutako jakinduriak, gai baten duten espezializazioak eredu bihurtzen ditu pertsona batzuk, eta ona iruditzen zait alor bakoitzak zenbait pertsona, erakunde, talde eredugarri izatea, baina iruditzen zait azalari mamiari baino garrantzia gehiago ematen dion gizarte honetan, gero eta lider natural gutxiago eta kartoizko lider gehiago ditugula.
Kartoizko liderrek uste osoak dituzte, eran-tzun azkar eta kategorikoekin erantzuten diete galderei, zuri edo beltzaren aldekoak izaten dira, eta oso koherenteak dira, ez dute sekula iritziz aldatzen, ez dira duda-mudatan ibiltzen. Gure gizarteari gero eta gehiago gustatzen zaizkio honelako liderrak. "Gauzak garbi" dituztelako, ez direlako galtzen azalpen sakonetan, bai edo ez erantzuten duelako, ziurtasunez.
Baina nago benetako liderrak apalagoak direla. Bizitzan ikasi duten guztiak erakutsi die oraindik askoz gehiago dutela ikasteko, eta iritziz aldatzeko gai dira, badakitelako gauzak ez direla zuri edo beltz, esperientziak hala erakutsi die. Horrelako liderrak, baina, askotan gerizpean geratzen dira. Baina denborak azkenean, arrazoia ematen die. Besteak beste, euria egiten duenean, ez direlako desegiten, kartoiari gertatzen zaion bezala.