Erretzearren abantailak
kexati daude erretzaileak eta ez dut ulertzen zergatik. Urduri dabiltza egunen batean taberna eta jatetxeetan ezin izango dutelako erre. Ez dira konturatu oraindik behin tabakoaren aurkako lege berria ezar-tzen baldin bada, erretzaileak ez direnen inbidia izango direla. Zergatik? Besteak beste, lagun eremua zabaltzeko aukera izango dutelako. Tabernetan erretzea debekatua dagoen egunean, aitzakia ederra izango dute kalera irteteko euren koadrilakoen elkarrizketarekin aspertuta daudenean, adibidez. Eta kanpoan, jende berria ezagutzeko aukera izango dute, han bilduko baitira erretzaileak, tabernaren atarian. Eta harremanetarako hain itxia den herri batean (hemen ezagutzen ez duzun norbaitekin hitz egiteko ia-ia onarpen formularioa bete behar baituzu), bada kalera erretzera irtetea aukera bat izango da, ligatzeko adibidez. Beti jendez inguraturik dagoen eta gustuko duzun mutila kalera erretzera irteten dela ikusiz gero, zigarroa ezpainetan duzula bere atzetik irtetea baino ez duzu egin beharko berarekin harremanetan jartzeko. Surik bai? Koadrila berriak ere sortu daitezke, zergatik ez: Hurrengo tabernaren kanpoaldean elkartuko gara! Eta bitartean, erretzaile ez direnak, gaixoak, tabernako leiho zabaletik kanpora begira imajinatzen ditut, kanpokoen barre algaren inbidiaz, haien elkarrizketan parte hartu nahian.
Ez dakit lege berriak hautsak harrotuko dituen ezartzen den egunean, baina iruditzen zait ez dela oso eraginkorra izango erretzeari uzteko. Askorentzat tabakoa behar bat baita, baina handiagoa da pertsonek gure artean harremanak izateko dugun beharra. Eta gertatu daiteke tabernetan erretzea galaraztearekin batera, jende gehiago erretzen hastea, izan ere, tabernako kanpoaldean sortu daitekeen giroarekin, ia nor geratu behar den tabernaren barruko aldean, betiko aulkitxoan eserita, betiko elkarrizketari buelta eta bueltaka?