Síguenos en redes sociales:

Usain hori

abioi baten arrasto zuria zeru urdinean. Hori izan da goizean ohetik jaiki naizenean, leihora hurbildu ondoren ikusi dudan lehen gauza. Eta geldi-geldirik geratu naiz, aho zabalik ia, estanparen edertasunaz liluratuta. Eszena ez dela hainbestekoa esango dit norbaitek, ez dela liluratuta geratzeko bezain ederra, baina nigan emozioa sortu du. Emozio ezagun bat. Eta ez da abioia, ez da botatzen duen ke kutsagarria nire zentzumenak piztu dituena, zeruaren kolorea izan da, ez baita kolore bat bakarrik. Nire oroimenak dio zeru garbi horrek usain bat duela: udaberriarena. Leihoa ireki, arnasa sakon hartu eta bai, egiaztatu dut udaberria gerturatzen dagoela. Usain hori hemen da berriz ere.

Goiz goizetik eguzkia. Ezin dut sinetsi. Hiriak neguko kolore sobietarra behingoz gainetik astindu eta kenduko du. Neguko hotzak izoztu egin ditu usainak, gure zentzumenak baliogabetu, gure ametsak zapuztu. Baina udaberriko hego haizearekin batera, loreak larrean zabaltzen diren bezala, aspaldi itxitako kutxa bat irekitzen zaigu bularraren parean eta arnas sakon hartzeko beharra sentitzen dugu. Hiriko espaloietan ere belar txarrak jaiotzen dira. "Horiek ere bizi nahi", esaten zuen nire lagun baten amonak pareta batean edo harri tartean belar txarrak jaio-tzen zirela ikusita. Horiek ere eguzkiaren epeltasuna sentitu nahi dute. Udaberria usaindu. Berriz gurekin dagoen usain hori dastatu.

Udaberriak gure sudurretan ematen du lehen abisua. Usaina da beste edozeren gainetik udaberria. Hego haizeak goizean ematen digun laztan horrek ogi egin berriaren usaina du. Eguerdiko berotasunak balkoi batean zintzilik dauden izara garbien usaina dakarkigu sudurretara. Arratsalde-gau parteko epeltasuna egur-kearen usainarekin batera dator. Eta guk arnasa sakon hartzen dugu. Zertarako? Munduarekin adiskidetzeko. Bizi-tzarekin bakeak egiteko. Ekaitzaren ostean beti barealdia datorrela sinesteko.