nola hustu nuen gurasoen etxea liburuan, Lydia Flemek hauxe idazten du: "Pertsona guztiak gaude ekaitz emozional batean murgilduta, atzemanda, harrapatuta. Baina nola ausartu inori azaltzen gure sentimenduen nahaste-borraste hori?". Idazlea eta psikoanalista den Flemek denok dakiguna baina onartzera ausartzen ez garena idazten du. Eguneroko bizitzak ez digu atsedenik ematen. Ez dago irlarik zeinean gelditu, biluztu eta hegoa haizeak gure arimako zauri guztiak sendatuko dituen. Ez dago klasifikatu ezinak diren sentimenduak plazaratzeko tokirik, eta ezkutatu egiten ditugu. Batzuetan politikoki zuzenak ez direla iruditzen zaigulako, edo zenbait gauza pentsatzeak lotsatu egiten gaituelako, edo ez dakigulako normala den ala ez, edo besteen aurrean ahul ager-tzeko beldurra dugulako. Ez dugu diferenteak izan nahi. Eredu estandarraren barnean gaude eroso, artaldearen berotasunean.
Urteekin bizitza konplikatua dela ikasten da eta etengabeko borroka batekin alderatu daitekeela. Pilatzen ditugun esperien-tziak, sortzen zaizkigun kontraesanak, aitortu ezineko desioak, bete gabeko ametsak? Zaila da sentimenduak jertseak armairuan bezala ordenatuta edukitzea. Nahiko lan ematen du jertseak apaletan ondo tolestea, nola ez da izango bada zaila gure barneko sentimendu bakoitza behar den lekuan kokatzea.
Baina, hala eta guztiz ere, jendearekin hitz eginda, jendea ikusita, ematen du inork ez dakiela zer den sentimenduen basoan galtzea, ez duela inoiz ekaitz emozionalik sufritu, ez dakiela zer den emozio eta sentimendu nahasmena pairatzea. Ez, kaletik doan jendeak jende "normala" dela erakutsi nahi du. Ez dugu diferenteak izan nahi, "normalak" izan nahi dugu, baina ez diezaiogun egin iruzur geure buruari: gertutik begiratuz gero, inor ez da "normala".