Zenbat infernu egon daitezke mundu bakar batean. Eguna argitzen denean, eguzkiak bere argiarekin zeruko hodei zuri potoloak indartzen dituenean eta hego haizeak aurpegian jotzen gaituenean, Louis Armstrongekin batera What a wonderful world kantatzeko gogoa pizten zaigu eta ezinezkoa egiten zaigu mundu wonderful honen barruan milaka infernu txiki egon daitezkeela sinestea, nahiz eta egunkariak egunero gogorarazi, nahiz eta pertsona askoren begiradek hala dela erakutsi.

Aste honetan bertan gertatu da. Hemen gure alboan, Barakaldon, goizeko orduetan, diskoteka batean. 17 urteko neska komunera doa, baina bidean lau gizonezko aurkitu ditu eta hauek infernura eraman dute zuzenean. Infernua mutilen komuna da. Bertara indarrez sarrarazi dute. Batek atean zaindari lanak egin bitartean, beste bik neskari heldu diote indarrez beso eta hanketatik, ahoa estali diote, eta laugarren batek prakak eta kuleroak jaitsi eta bortxatu egin du. Oihu isil eta desesperatu bat bota du neskak graffitiz margotutako baldosa bati begira. Ez zekien mundu honetan halako infernurik existitzen zenik eta hain gertu egon zitekeenik.

Ordu batzuk geroago, eguna esnatzean, eguzkiak zeruko hodei zuri potoloak argituko ditu, eta hego haizea ibiliko da, eta guk, besteok, etxetik irtetean, arnasa sakon hartu eta What a wonderful world kantatzeko gogoa izango dugu, eguna benetan polita datorrela iragarri ahal izango dugulako. Ez dugu jakingo ordu batzuk lehenago, gauden lekutik kilometro gutxira, neska gazte bat infernuan sartu dela. Erre egin duela bere arima infernuko suak, eta gaur goizean, bera ez dela konturatuko egunaren edertasunaz, irudi bakar bat izango duelako buruan. Baldosa bat. Mutilen komuneko baldosa bat, graffitiz margotutakoa. Ez zen ausartu begiak baldosa hartatik altxatzen lau gizonezko koldarrek infernurako pasaportea ematen zioten bitartean.