Síguenos en redes sociales:

Hutsik

buRUA nahastuta duenean, arazo bati irtenbidea aurkitu ezinik dabilenean, nire lagunak etxeko armairuetan dituen arropak atera eta banan-banan tolestu eta ordenatzeari ekiten dio. Azken aldian burua nahiko nahasia dudala aitortu diot eta gomendio hau luzatu dit: ordenatu itzazu zure etxeko arropak, eta jertse eta kamisetak euren lekuetan tolestuta ikusten zoazen heinean, zeure burua ere ordenatzen doakizula sentituko duzu.

Nire lagunaren gomendioa jarraitu ondoren, bi ondorio atera ditut: Bat, nire baikortasunak garai batean ez zuela mugarik -nola ulertu bestela 38 tailako prakak gorde izana inoiz berriz jantziko ditudala pentsatuta!-. Eta bi, lagunak arrazoi zuela, hobeto sentitu naizela bukatu dudanean. Hala ere, konturatu naiz benetan hobeto sentiarazi nauena, gauzak ordenatzearen gainetik, gauzak botatzea izan dela. Urtetan pilatzen joandako arropa zaharrak bi poltsatan sartu ditut. Erabiltzeko moduan daudenak gizarte-etxera eraman ditut - han jasotzen baitituzte gero banatzeko -, eta inori eskaintzeko moduan ez daudenak zuzenean zakarrontzira joan dira. Liberazio bat izan da. Gainetik karga astuna kendu dudala sentitu dut. Lagunari, orduan, ordenatzearena ondo dagoela esan diot, baina benetan eraginkorra dena gauzak botatzea dela, orduan bai sentituko duela sekulako arintasuna. Eta lagunak, nire gomendioari jarraiki, arropak bakarrik ez, etxean zituen hainbat gauza bota ditu. Eta hori kontatzera etorri zait gaur, baina nire harridurarako, ez da nire gomendioagatik eskerrak ematera etorri. Erabiltzen ez zituen gauzak bota ondoren, ez omen du askatasunik ezta bakerik sentitu, hutsunea baizik, sekulakoa. Gauzak, finean, hutsuneari diogun beldurra aldentzeko tresnak ez ote diren pentsatu dut laguna burumakur urruntzen ikusi bitartean. Gauzek babesa ematen zioten, eta orain, beldur da, etxean bere buruarekin topo egiten baitu etengabe. Ez du ihesbiderik.