Síguenos en redes sociales:

Itxoiten

NEGU Gorriak taldearen kanta ezagun bat etorri zait gogora, Itxoiten izenburukoa. Behin eta berriz errepikatzen da hitz hori, lelo baten antzera, kanta osoan zehar, eta bizitzaren garai eta une ezberdinetan itxoitea tokatzen zaigula gogoratzen digu Fermin Muguruzaren ahotsak: lehen eskola egunari, itxoiten; titiak noiz hasiko, itxoiten; examinari, itxoiten; lana noiz lortuko, itxoiten? Bizitza erdia itxaroten pasatzen dugula egia da, baina itxarotea ez da zertan denbora galtzearekin konparatu behar, nahiz eta normalean horrela izaten den eta horrek antsia eta ezinegona sortarazten digun.

Azkenaldian denbora asko itxarotea tokatzen ari zait anbulatorioko eta ospitaleko itxarongela ezberdinetan, eta nire inguruan dagoen jendeari begira, bi jarrera nagusi ikusi ditut. Alde batetik, bost minuturo erlojuari begiratzen diotenak daude, eta bafaka eta puzka hasten direnak. Alboan dituzten guztiei zein ordutan toka-tzen zaien galdetzen diete, noiz sartuko diren iragarri ahal izateko, eta oraindik gehiago itxarotea tokatuko zaiela sumatzen dutenean, ez dagoela eskubiderik eta halakoak botatzen hasten dira. Haserretu egiten dira. Hauetako askok, telefono mugikorra hartu eta uhinen bitartez hedatzen dute euren haserrea. Ez da batere erosoa alboan halako pertsona bat izatea, askotan euren urduritasuna besteei ere kutsatzea lortzen dute eta.

Bestalde, itxarotea pazientziaz hartzen dutenak egon badaude. Etxetik irten aurretik itxarotea tokatuko zaiela barneratuta, poltsan liburua edo egunkaria sartzen dute hauetako askok eta itxarongelan lasai irakurtzen dute. Pertsona bat lasai itxaroten ikusten dudanean, inbidia sentitzen dut eta pentsatzen dut nik ere horrelakoa izan nahi dudala. Eta itxaroten ikasten ari naizela aitortu behar dut, hobera noa, gero eta pazientzia gehiago daukat. Asko lagun-tzen dit beste kantari batek, Manolo Garciak, abesti batean esaten duena aldiro gogoratzea: Nunca el tiempo es perdido? Arrazoia duzu, Manolo. Denbora ez da galtzen, denbora bizi egiten da.