heriotza existituko ez balitz bezala bizi gara. Eta horregatik, hain zuzen, sekulako zaplaztekoa jasotzen dugu heriotza bere gordinean aurrez aurre topatzen dugunean. Une larri horretan sentitzen duguna ez da bakarrik pena, ez da bakarrik hildako pertsonak utzi digun hutsuneak sortzen digun bihozmina eta oinazea, zerbait gehiago sentitzen dugu heriotzarekin tupust egitean, zaplazteko baten antzekoa, begiak irekiarazten dizkiguna. Maite izan dugun norbaiten gorpua hilkutxa batean ikustean, lezio bakar batean ikasten dugu zer den bizitza. Eta bidean lezio asko alperrik galdu ditugula datorkigu burura, heriotza existituko ez balitz bezala bizi izan garelako ordura arte, inork ez digulako txikitatik irakatsi bizitzaren parte ezinbestekoa dela herio-tza. Haren izena aipatu ere ezin daitekeela erakutsi digute, debekatua izan dugu heriotzari buruz hitz egitea, badaezpada. Heriotza hitza aipatzea heriotzari deitzea balitz bezala.
Stefan Sweig idazlearen hitzak dira: "Ez da nahikoa heriotzaz pentsatzea, beti kontuan izan behar dugun zerbait da. Horrela, bizitza garran-tzi handiagokoa bihurtzen da, ospetsuagoa, emankorragoa eta zoriontsuagoa." Bizitza honetan gonbidatu gisa gaudela ikasi beharko genuke. Bizitzak iraungitze-data duela kontuan hartuz biziko bagina, bizitzari zuku gehiago aterako geniokeela iruditzen zait, errazago genukeela bizitzaren segundo bakoitza opari bat dela sentitzea.
Heriotzaz pentsatu ezean heriotza saihesten dugula pentsatuta bizi gara, eta ez gara konturatzen bide bakarra dagoela heriotza saihesteko: memoria. Memoriak bakarrik mantendu dezake pertsona bat bizirik betirako. Gogoan ditugun pertsonak betirako bizi baitira geure baitan.
Heriotzak pena sortarazten digu, mina, beldurra. Baina heriotzak badu gauza positibo bat kontuan hartzen ez duguna, eta Mario Benedettiren hitzetan garbi islatzen dena. Poetak dioenez, "heriotza, azken finean, noizbait bizi-tza egon dela adierazten digun sintoma da, besterik ez".