Ardurak
urteek baino gehiago, bizitzan zehar gure gain hartutako ardurek zahartzen gaituzte. Urteek aurrera egin ahala zahartu egiten gara, baina ardura eta kezkek zapuztu egiten dute geure burua. Eta ez da gauza bera gorputz bat zahartzea edo gorputz bat zapuztea. Zahartutako gorputza airearekin kontaktuan egon den sagarraren mami ugertua da, eta zapuztutakoa bihotza zizarez beteta duen sagar kolpatuarekin alderatu daiteke.
Haztea eta ardura gehiago izatea elkarrekin doaz ia beti. Eta buruan hazten zaizkigun ile zuri asko ez dira gure adinaren ondorio, ardura eta kezkek lapurtu dizkiguten ordu guztiena baizik. Ikustea besterik ez dago enpresa, proiektu edo herri baten ardura hartzen duen pertsona nola zahartzen den hamar urte gauetik goizera. Begi-zuloak, ile zuriak, argirik gabeko begirada nekatua... 70 urtetik gorako emakume eta gizon askoren begiek distira gehiago islatzen dute 40 urteko pertsona askorenak baino. 40 urtekoak arduratuta daude laneko proiektuak direla, seme-alabak direla, gero eta laguntza gehiago behar duten gurasoak direla? Hauen aldean, 70etik gorakoek, jada bizitzako ardura astunenak albo batera utzita, lasai asko bizi dira asko, osasunak baimena emanez gero noski, tai chiko klaseetan parte hartuz edo goiz osoan paseoan ibiliz.
Ez guztiak, ordea. Badaude arduretatik ihes egiteko aukerarik izan ez duten adineko pertsonak. Egunero iloba eskolara eramatera eta eskolatik jasotzera behartuta dagoen amonaz ari naiz, edota semea aspaldi kanpoan bizi arren, honek etxera ekartzen dizkion arropak garbitu eta lisatzen jarrai-tzen duen emakumeaz. Eta ez dut esan nahi seme, alaba edo ilobak zaintzea gaizki dagoenik, baizik eta, behin adin batera helduta, ezin daitekeela inolaz ere betebehar edo obligazio bat izan. Adineko jendeari lasai zahar-tzen utzi behar zaiolako. Ez delako gauza bera gorputz bat zahartzea edo guztiz zapuztea.