Arrapaladan
aldizkariko erreportajeak Budaren hitzak aipatzen zituen. Pozik bizitzeko, zoriontsu izateko, eta nik dakit beste zenbat onura lortzeko kontzentrazioa da giltza, bakoitzak kontzentratzeko duen gaitasunean omen dago bizitza lasai eta orekatu bat izateko gakoa. Irakurri nuenetik kezkaturik nago, konturatu bainaiz gero eta zailagoa egiten zaidala burua gauza bakarrean zentratua edukitzea. Artikulu bat idazten ari naizela, dei bat egin behar dudala datorkit burura; telefonotik hitz egiten hasi eta pentsatu dut berandu nabilela semearen bila joateko; semearen zain nagoela, enkargu baterako epea hiru egunetan bukatzen zaidala gogoratu dut; enkargatu didaten testua idazten nagoela, ia konturatu gabe, post-it batean erosketa zerrenda apuntatzen hasi naiz; supermerkatuetako pasilloetan barrena ze esne marka erosi erabakitzen dudan bitartean aspaldian lagun batekin hitz egin ez dudala etorri zait gogora; lagunarekin telefonoz hitz egiten hasi eta berehala, ipuin baterako ideia datorkit burura; poltsikoan dudan paper zati batean ideia apuntatzen hasi bezain pronto, telefonoaren bestaldetik lagunaren ahotsa entzun dut: "Karmele, hor zaude?". Ez nago. Eta, noski, kezkatu egin naiz, eguneroko eginbeharrek arrapaladan naramatelako olatu baten modura.
Egiten ari naizen horretan buru-belarri murgiltzea nahiko nuke, nire egunek bukatu gabeko esaldien antza hartzen ari baitira, eta nire buruak zapping egiten baitu etengabe telebistako mando zahar eta gastatu baten antzera. Gauzak hobeto egiteko eta lasaiago bizitzeko gakoa bizi dugun une bakoitza bere osotasunean dastatzean omen datza. Ea aurrerantzean horretan saiatzen banaiz bada.
Eta orain barkatuko didazue, baina artikula hemen eten beharko dut, heldu berri zaidan urgentziazko posta elektronikoa ahalik eta azkarren irakurri behar dut eta.