urteak lagunaren berri izan gabe, eta Interneti esker harremana berreskuratu dugu. Duela hamabost urte emaztearekin batera Balentziara joan zenetik ez dugu elkarren berririk izan eta duela hilabete Interneten duen blog baten bitartez aurkitu nuen.
Nire lagunak berriki bidali didan posta elektroniko luze batean elkarrekin bizitako hainbat pasadizo barregarri gogorarazi dizkit, zeharo ahaztuta nituenak. Garai batean oso harreman estua genuen. Lagun minak ginen. Zenbat barre egin dugu elkarrekin, Karmele, esaten dit mezuan, eta kontatzen dizkidan egoerak gogoratzean, barrez lehertu naiz. Egia da, zenbat barre.
Orduan konturatu naiz aspaldian ez naizela barrez lehertzen, ez naizela barre-algaraka hasi eta itotzeko zorian jartzen, aspaldi da barre karkara batek negarra ateratzen ez didala. Eta faltan botatzen dut. Egiten dut barre, ez pentsa, barre egiteko joera nabarmena dut, baina barrez itotzea, lehertzea, negar egitea? hori aspaldiko kontua da. Liburu bateko pasadizo barregarri bat irakurri eta irribarrea ateratzen zait, barrea eragiteko pentsatuta dauden pelikula horietako bat ikusten dut eta bai, barregalea sortarazten dit, baina kontrolatutako barrea da, badakit gutxi gora behera zenbat iraungo duen. Estandarra da. Ez da garai bateko barre-karkara zoro eta eutsi ezinezko hori. Ez du lurrikara sortarazten nire inguruan lehen bezala.
Gogoan dut laguna eta biok garai hartan beti elkarrekin ibiltzen ginenez, jende askok bikotea al ginen galdetzen zigula. Eta guk, elkarri begietara begiratu eta lehertu egiten ginen barrez. Gu? Bikotea? Lagunegi ginen bikote izateko eta. Behin lagunak honela erantzun zion bati: "Nola izango gara gu bada bikote, barreari eutsi ezinik ibiliko ginatekeen eta sexu-harremanetan hasiz gero? Horretarako ere seriotasun eta ganora pixka bat behar da." Eta guk ez genuen. Horregatik, hain justu, egiten genuen hainbeste barre.