aURREKO egunean nire semeak telefonoa hartu eta Olentzerori deitu zion. Eskatutako opari guztiak ekarri behar zizkiola ziurtatu nahian, umeak agindua bidali nahi izan zion: Olentzero, ekarri opariak. Izan ere, ordu bete lehenago bere amak ohartu bai-tzion bihurrikeriak egiten jarraituz gero, ikazkinak ez ziola ezer ekarriko.
Niri umetan sekula ez zitzaidan bururatu Olentzero edo Errege Magoekin telefonoz hitz egitea, ezta aukera hori izan nezakeenik ere. Nirea ez zen komunikazioaren aroa, baina nire semearena bai. Bere belaunaldiak txikitatik ikusi du norbaitekin hitz egin nahi izanez gero, nahikoa dela haren telefono mugikorrera dei-tzea, edonon egonda ere harrapatuko baituzu. Belaunaldi honek ikusi du marrazki bizidunekin gozatu nahi dutenean, nahikoa dutela telebista piztu eta 24 orduz marrazkiak eskain-tzen dituen kanala sintonizatzea. Ikusi du amari edo aitari marraztu nahi dutela eskatzen diotenean, hauek Interneten segundo batean aurkitzen dutela inprimatu eta koloreztatzeko Mickey Mouseren irudia. Ikusi dute euren gurasoek atzerrian dauden lagunekin hitz egin nahi dutenean, ordenagailua piztu eta ia klik bakar batean bideo konferentziaz hitz egiten dutela haiekin.
Dena hor dagoela ikasi dute, pauso bakar batera, berehala lortzeko modura. Eta egia da inoiz baino tresna gehiago ditugula gaur egun geure artean komunikatzeko, baina iruditzen zait inoiz baino eskasagoa dela geure arteko komunikazioa. Trenean, autobusean edo metroan erakusten ditugun espresiorik gabeko aurpegiak dira egoera honen karikatura: saihesten diren begiradak, traba egiten digun isiltasuna estaltzeko erabiltzen ditugun mugikorraren bitartezko ganoragabeko elkarrizketak?
Agian nire semearen belaunaldiak ikasiko du, nahiko nuke behintzat, eskura dituzten komunikazio tresna horien guztien garrantzia ez dagoela giga, byte edo pixeletan, baizik eta ba-tzuk eta besteen arteko zubi lanak egiteko duten gaitasunean. Hala bedi.