Koala
telebistako informatibo bat ikusi, berdin dio zein katetan, eta zein argi antzematen den espektakuluaren legeak agintzen duela hor ere, beste edozein saio bezala audientzien agindupean daudela informatiboak. Azken urteotan badago joera bat, kontakizun bihurtu nahi dute informatiboa, kontakizun atsegina gainera. Baina mundua dagoen bezala egonda, zaila egiten da pentsatzea nola egin daitekeen lehengai horiekin ikusleak goxo-goxo irentsiko duen pastel gozo bat. Telebistako informatiboetako arduradunek pentsatu dute asko horretaz. Eta azken urteotan niri atentzioa eman didate informatiboetako ezaugarri batzuk.
Ez da berriaren testuinguruan sakontzen. Ikusleari Afganistango azken atentatuan zenbat hildako egon diren esango zaio, irudi odoltsuak erakutsiko zaizkio, baina ez dute inor aspertuko gatazka horren arrazoiak azaltzen. Korapila-tsuegia litzateke, ilunegia? Egia da telebistaren formatuak berak ez duela egunkari batek eman dezakeen sakontzeko aukera eskaintzen, baina gertakizunen arrazoi eta testuinguruak jada aipatu ere ez dituzte egiten askotan. Eta horrela ez dago informatzerik.
Bestetik, itxura oneko aurkezle irribarretsuak ugaritu dira. Ez zait gaizki iruditzen aurkezleak irribarre pixka bat egitea notizia irribarre egiteko modukoa bada, baina hain nahi dute izan atsegin, batzuetan hilketa baten berri ematen ari diren bitartean irribarre daudela iruditzen zaidala. Faltan botatzen dut garai bateko aurkezteko modu neutroagoa. Eta beste ezaugarri bat. Informatiboa happy end batekin bukatzeko joera nagusitu da: ez dakit zein zoologikoan jaio den panda hartza, Estatu Batuetako lau urteko umeak gitarrarekin konposatu duen kanta? Dena ikuslearen ahoan zapore garratzik ez uzteko.
Aurreko egunean, koala batzuen irudiekin amaitu zuten Teleberria. Koalak desagertzeko zorian daudela, hori zen berria. Eta nik, haien mugitzeko modu geldoa eta patxadatsua ikusita, pentsatu nuen koalekin batera, badoala desagertzen egiteko modu bat. Kasu honetan, kazetaritza egiteko modu bat.