Berriz, berriz
BERRIZ, berriz. Oierrek behin eta berriz errepikatzen ditu bi hitz horiek. Lanetik oso nekatuta bueltatu den arren, eta sekulako burukomina badu ere, Milak ez du beste erremediorik: berriz irakurriko dio semeari ipuin bera. Bosgarren aldia da jada. Ez du ulertzen nola ez den nekatzen beti istorio bera entzuten. Eta nola den posible entzuten duen bakoitzean lehenengo aldia balitz bezala egitea, gogo biziz. Berdin gertatzen zaio gehien gustatzen zaizkion bideoekin. Buruz dakizki pertsonaien arteko elkarrizketak, baina hala eta guztiz ere, ez du begirik kliskatzen, filma lehen aldiz ikusten balego bezala. Eta bukatzen denean, berriz irteten dira haren ahotik bi hitz magikoak: Berriz, berriz. Milak bere burua lasaitzen du pentsatuz neska-mutil guztiak direla horrelakoak, denei gustatzen zaiela behin eta berriz errepikatzea gustuko dutena. Ez dela bere semearen bitxikeria bat.
Pirrritx eta Porrotxen bideoa ikusten ari den bitartean, Oierrek zeharka begiratzen dio amari. Berriz ari da edalontzi baten barruan pastilla eferbeszente bat urtzen. Egunero egiten du lanetik bueltan datorrenean, eta har-tzen duenean beti esaten du gauza bera: Zein nazka ematen didan zapore honek! Oierrek ez du ulertzen. Zergatik hartu behar du amak pastilla hori egunero ez bazaio gustatzen? Badaude ulertzen ez dituen beste hainbat gauza. Adibidez, ez du ulertzen zergatik joaten den goizero ama lanera, bueltan beti esaten badu ez dela gehiago bueltatuko. Zigarroekin ere antzekoa egiten du. Mila aldiz entzun dio erretzeari utziko diola, nazkatuta dagoela tabakoarekin, baina gero, berriz ateratzen du zigarroa poltsatik eta ezpainetara eramaten du. Oierrek ez du ulertzen zergatik sartu behar duen amak kea ahotik egunero, behin eta berriz, ez bazaio gustatzen. Eta bere burua kontsolatzen du pentsatuz nagusi guztiak direla horrelakoak, denei gustatzen zaiela behin eta berriz errepikatzea gustuko ez dutena. Ez dela bere amaren bitxikeria bat.