Jone Forcadaren egunkari ezkutua
Jone andereñoaren lana itzela izan zen berarekin zeukan talde narras eta ajolagabeak euskal kantak, izkiak eta zenbakiak ikas zitzan
Urriaren 17an Jone Forcada zendu zen. 50eko hamarkadan bere ikaslea izan nintzen Donostiako kaiko Puerto 1eko etxebizitzaren lehenengo solairuan. Gelak ez zituen 20 metro karratu eta ikasleak ez ginen izango dozena bat mukitsu baino gehiago. Garai hartako ikastola guztiak xumeak izanik, Jone Forcadarena apalena eta umilena zen. Ausartzen ziren Donostiako famili euskalzaleak bere umeak Elbira Zipitriaren ikastolara eramaten zituzten. Kontuan izanik ere frankismo gordinerari zor zitzaizkion oztopo guztiak, Elbira Zipitriaren ikastola nolabait kontsolidatua zegoen, gaur egun hori esateak txantxa krudela badirudi ere. Jone Forcadaren ikastola, ordea, jaioberri ahul bat zen. Iruditzen zait ikastola berri horretan hasi ginen umeok euskeraren abentura ezezagun batean sartu gintuztela.
Jone andereñoaren lana itzela izan zen berarekin zeukan talde narras eta ajolagabeak euskal kantak, izkiak eta zenbakiak ikas zitzan; kristau ikasbidea ere, ez banago oker. Garaian, garaikoak. Esango nuke Elbira Zipitriaren estilo latzagoaren aurrean (Marta, nire arreba, Elbiraren ikastolan zegoelarik kexatzen zenez), Jone Forcada persuasiboa izanik goxoa eta maitagarria ere bazela. Baina, aitortu behar dut: Ikastola pobre baina ausart horretaz agertzen zaidan irudi argiena, Jone Forcadaren edertasuna da. Maiatzeko edo urriko arratsalde batean edo bestean ikastolako atean zain egoten nintzelarik, eguzkiak kaiko muraila argitzen zuenean, han agertzen zen Jone soineko alai eta koloretsuz jantzita, bizkor, lirain, airos, irripartsu. Orduan, 7-8 urte nituelarik, emakumearen edertasuna deskubritu nuen.
Hurrengo urtetan, nerabetasunean, ez nuen Jone Forcadaren berririk izan. Zehatza izateko ez nuen berri zuzenik izan; baina bai berri inplizitoak, berri ezkutuak. Derrigorrez Alvarez Emparanzaren (oraindik ez zen Txillardegi, ez Larresoro ezta Enparantza ere) exilioaren kronika datorkit burura. Etxean Alvarez Enparanzaren egunetik egunerako bizitzaren gorabeherak jarraitzen genituen. Pertsona kementsu eta duin baten istoriak.
Adibidez, Bruselan ingeniari gisa egiturak kalkulatzen ogia irabazten zuenekoan eta bertan pasatzen zuen hotza, fisikoa eta animikoa. Eta Jone Forcada nire andereñoa izan zenak ere hotza eta hoztasuna pasatzen zituen; orain hori gogoratu beharra dago.
Oroitzen dut ere gure aitak, solemnitatez, exilioaz zerbait adierazgarria esan zigunean: “Dagoeneko Alvarez Emparanza hamalau etxebizitza diferentetan bizi izan da”. Horrek gu, burges koskor koitaduok, hipnotizatu gintuen.
Baina nola utzi alde batera Jone Forcadak etxebizitza aldaketa eta joan-etorri latz horietan ardura nagusia hartuko zuela? Alvarez Emparanzaren exilioaren kronika horretan, ez zen falta izan deserrotzearen beldurra. Atsekabetasunez kontatuko zuen Txillardegik nola entzun zion bere ume bati bere anaiari “Tu est vilain” esaten ziola.
Eta Jone Forcadaren atsekabea eta kezka ez ziren bada bere senarrarenak baino gutxiago izango. Azken urteotan Alde Zaharrean edo euskal ekitaldiren batean edo bestean ikusten nuen, gogotsu, eder eta duin. Tamalez ez nintzaion inoiz hurbildu esateko bere ikastolako lehenengoetako umea izan nintzela eta nire fundamentuzko euskera berarekin ikasi nuela; ez nintzen atrebitu. Nire errespetua berekiko handiegia zen.