Síguenos en redes sociales:

Euskaldunon matxinadarako

Azpiratutako hizkuntz eta eremu moral eta politikoaren desagerraraztea sustatzen da

Euskaldunon matxinadarakoJuan Herrero / Efe

Eztabaidak Euskaldunon aurkako hizkuntza–bataila, kultura–bataila, ekonomia–bataila, gero eta lotsagabeago, doa aurrera, batzuen eraso pean, askotan “bertakoen” konplizitatearekin. Bataila berbera da frankismoarena nola “demokrazietan” ematen dena. Helburua bat da, herri azpiratuon, euskaldunon, desagerraraztea (genozidioa), estatu egitura eta erregimen totalitarioa –kolore bakarrekoa– ezartzeko. Bataila horretan tartean daude, ez bakarrik espainiar eta frantziar elite politikoak eta ekonomikoak, baizik eta norbanako onuradunak ere egunero hartzen dituzten erabakietan, denek sustatzen baitute euskaldunon aurkako desagerrarazte bataila.

Hori nabarmen ikusten da gure egunerokotasunean: aisialdian, saltokietan, kalean, tabernan, irratia isiotzean, sektore publikoan nahiz pribatuan. Ohikoak dira modu txarreko erantzunak, zerbitzuan jarrera oldarkorrak; giro–musikan, aisialdian: ausentzia. Ia zaurgarriagoa egiten da Donostiako Jazzaldian, William Parkeri omenaldian bataila horietan murgilduta, aurkezleak hitzaldia español hutsean botatzea 2024. urtean. Seguruenik gizon bera izango da jazz kontzertu modura flamenko garrasiak sartzen dituena bere bataila kulturalaren zati bezala. Baina zer nahi da, Donostiako udalak esku erdaldunetan jartzen badu antolakuntza, SGAEri ematen badio gure espazioa? Erreferentzia español nazionalista ordez, zergatik ez sortu Europako herrien jazz–folk espazio kosmopolita? Zergatik ez Bretainiako, Irlandako, Kataluniako… jazz–folk taldeen erakustokia bihurtu Donostiako Jazzaldiaren gune hori?

Garbi dago horrela jokatzen duenak babes sendoa duela halako jokaera oldarkor, mesprezuzkoa izateko. Supremazismo horrek hiru oinarri ditu: morala (nahia), politikoa (eskubideak) eta legezkotasunekoa (betebeharrak). Erasotzailearen ustez bere nahia guztiaren gainetik dago, baita bestearen (euskaldunaren) nahiaren gainetik ere. Bera politikoki janzten duena eskubideduna izatea da, eta hor ere uste du eskubideen talkan bere eskubidea euskaldunaren eskubidearen gainetik dagoela. Betebeharren kasuan, esango du ez dagoela halakorik bere nahiaren eta eskubideen gainetik, baina bai euskaldunarentzat.

Supremazismo horren euskarri ideologikoa, kategoria dogmatiko xinple eta hutsal batzuetan datza: gizarte irekia, anitza, dibertsitatea, kultura–aniztasuna, eleaniztasuna, justizia unibertsala, berdintasuna (español eta frantsesena), giza eskubideak, tolerantzia, ideologia migrazionista, hazkunde ekonomikoa, produktibismoa… Semantika hori ez da neutrala, ondo egokitzen zaio egitasmo (neo)liberalari eta zentzua hartzen du bere erabilera temati, errepikakor eta komenientziazkoan. Bera arma politikoa da, eta aitzakia hizkuntza jakin bat ezartzeko politikaren fundatzaile modura –española edo frantsesa euskaldunoi. Horrela, diskurtso homogeneizatzaile, totalitario eta kolonizatzailea indartzen da, eta estatu egitura horren menpean geratzen da herritargo minorizatua. Estatua bihurtzen da herritargoaren nola bere esangura eremuaren azken jabe ez–neutrala. Hizkuntzaz gain, ezartzen da berari lotuta dagoen eredu moral, politiko eta ekonomikoa; lurraren kudeaketa estatuak ezartzen duen ekoizte eta jabetza sistemaren menpe geratzen da.

Horrela, zurituta geratzen da jazarpen eta desagerrarazte praktika genozida. Azpiratutako hizkuntz eta eremu moral eta politikoaren desagerraraztea sustatzen da, eta horretarako bataila kulturalarekin, hizkuntzazkoarekin, ekonomikoarekin batera, desagerrarazpen demografiko politikak baliatu eta bedeinkatzen dira. Dena aurrerabidearen edo hazkunde ekonomikoaren aitzakian. Horrela, gurean frankismoak industrializazio basati kriminala ezarri zuen eraldaketa demografiko–politikoa helburu. Frantziak helburu berarekin turismoa eta euskal herritargoaren deserrotzea bultzatu zuen. Hori bera egin zuen errusiar–sobietar erregimenak, Txinak Tibeten, eta beste hainbat estatu eredu jakobino totalitarioaren jarraitzailek. Gurean azpimarratzekoa da “bertakoak”, ezker–eskuin, direla egitasmo suizida hori euren eskuetan hartu eta kudeatzen dihardutenak.

Rosa Parksek, 1955. urtean, Montgomery-n, uko egin zion autobusean eserlekua gizon zuriari uzteari. Keinu horrek EEBBetan aro berri baterako garra isiotu zuen, afrikar jatorriko herritarren artean zapaldua zegoen egonezina oldarraldi zabala bihurtuz, euren arazoak EEBBetako herritar guztien arazo bihurtzen hasi baitziren.

Liluraren, normalkuntzaren, segregazioaren, frenorik gabeko hazkundearen, suntsipen demografikoaren, eredu frankista–demokratiko (neo)liberalak eskeko umilak, gutxiengo baztertu paria, bihurtu gaitu, babesgabeak, eskubide gabeak, menpean gaituen eskubidez jantzitako, betebeharrez erantzitako, eta babes ideologiko osodun populazioari azpiratuak. Baina Rosa Parksek bezala euskaldunok ere utzi beharko diogu adeitsu, lilurakor, apalak, izateari; ikasi beharko dugu ezetz esaten erasotzen gaituztenei, bizkarra ematen abandonatu gaituztenei, aurpegi txarra ipintzen erdaraz erantzuten digunari; mesprezuz tratatzen sistema moral, politiko eta ekonomiko honi babes ideologikoa ematen dieten GKE eta fundazioei; irmo jokatzen bataila kulturalean; jazzaldian SGAE atzean dauden kontzertuetara ez joaten, edo musikariek parterik ez hartzen…

Garbi dago euskaldunok ezingo diogula aurre egin egoera itogarri honi –morala, politikoa, ekonomikoa, demografikoa–, ez badugu paradigma erabat aldatzen; ez bada euskara euskal herritar guztien kontua bihurtzen; ez bada hezkuntza sistema osoa konprometitzen benetan, eta ez gezur lotsagarri pila artean, orain arte bezala; ez bada derrigortzen prozesu honetan parte izatera enpresa eta ekonomia sistema osoa, populazio berriak, erdal komunikabideak, kontzientzia eta ideologia GKE eta fundazioak, ez bazaio euskarari aitortzen fundatzaile politiko estatusa erkidego eta errepublika humanista bizitzan, ez bada benetan hizkuntza, moral, ekonomia, politika eta demografia bataila ematen.

Hanna Arendet–k, Eichmanen epaiketari buruz idatzi zuen testuan, salatu zuen judutar kontseilu batzuetako buruzagiek gertatzen ari zen genozidioaren aurrean beste aldera begiratu zutela. Espero euskaldun jatorren seme alabek, ez direla egun batean jabetuko euskara, Euskal Herria, galdu zela, batzuek beste aldera begiratu zutelako.