Fini da, agian, Siriako gerla. Ehun milaka hil, milioika zauritu eta bertze horrenbertze erbesteratu utzi digu hamalau urteko sarraskiak. Ez zuen hain luze eta hain latz joko siriar ez diren jokalarien ageriko nahiz ezkutuko esku-sartze etengabea gabe. Al Asad diktadorearen kontrako herri matxinada gisa hasi zena, ordea, azken mende laurdenean munduak ikusi duen gatazkarik nazioartekoena bilakatu zen berehala. Iraniarrak, estatubatuarrak, errusiarrak, israeldarrak, libanoarrak, saudiarrak, qatartarrak, turkiarrak... hain segur bat edo bat gehiago bada Siria odolusten beren hatzaparrak zikindu dituztenen artean.
Bertakoak, berriz, batzuk gobernuaren alde, bertzeak kontra, eta gainera azken horiek, mila zati eta denak elkarren etsai. Bordel horretan, ezin inor nagusitu, ezta inork amore eman ere. Gudak urteak egin ditu ez aitzin ez gibel, holakoen eta halakoen interesen amaraunean korapilatua. Hartara, ustekabean harrapatu gaitu Al Asadek Damaskotik ihes egin duelako albisteak. Kasik tirorik egin gabe milioika bonba jaurti den tokian, hamaika egunean akitu da hamalau urteko gerla. Miraria dirudi, baina mirariak urriak izaten dira nazioarteko politikan.
Ez ditugu oraindik datu guztiak mahai gainean jakiteko zehazki zer arraio gertatu den azken bi aste hauetan. Arestian aipatutako zerrendan ez dira falta ilunpeko akordio eta hitzarmen aitorrezinak sinatzeko prest egonen liratekeen estatuak horretan irabazpide estrategikoren bat susmatuko balute. Gaitz erdi, herri siriar zafratuaren alde balitz. Oraingoz, lasaitzeko motibo gutti: Turkiak bulkaturiko talde islamista bat egin da Damaskoko aginduaren jabe. Luze gabe jakinen dugu Asad baino hobea ote den. Ekialde Hurbilean ohiturik daude eroritako putakume ankerren lekuan are putakume ankerragoak ikustera.